Bazkari eder batekin bukatu dute Kultur Astea extremadurarren elkartekoek

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 16a, 17:28

32. aldiz ospatu dute Kultur Astea Francisco Zurbaran elkartean. Antolatzaileak "pozik" daude asteak emandakoarekin.

Aste osoko egitaraua borobiltzeko, El pastor y las ovejas liburua aurkeztu du gaur Antonio Davila Gartzia idazleak, Francisco Zurbaran elkartean. Egileak azaldu duenez, gerra aurreko Extremadurako artzain baten maitasun istorioa kontatzen du. Liburuan fikzioa eta errealitatea nahasten direla ere esan du. Aurkezpenaren ostean, mokadutxoa egiteko beta izan dute bertaratutakoek.

Gustura dago Jose Luis Cid extremadurarren elkarteko presidentea, asteak emandakoarekin. Hogarrak 40 urte bete ditu aurten, eta Kultur Astea 32. aldiz antolatu dute. Juanjo Alvarez abokatuaren hitzaldiarekin hasi zen astea; oinordekotzaren gaia landu zuen Alvarezek, eta Cidek azaldu duenez, "arrakastatsua" izan zen hitzaldia. Presidentearen ustez, gaiak "gaurkotasun handia" daukalako, besteak beste.

Asteazkenean herriko pintxo-potearekin bat egin zuten Hogarrekoek, eta harrituta azaldu du Cidek elkartearekin zerikusirik ez zuten hainbat kuadrilla bertaratu zirela. Gustura jaso zituzten. Ostegunekoa, berriz, asteko ekintzarik "hunkigarriena" izaten da presidentearentzat. Hirugarren adinekoentzat prestatutako bingoa eta txokolatea izan ziren, eta Cidek azaldu du pertsona helduek "asko eskertzen" dituztela beraientzat prestatutako ekintzak.

Larunbatean, berriz, haurren txanda izan zen. Aeiou taldeak ikuskizuna eskaini zuen parkean, eguraldi ona aprobetxatuz. Ekintza hori ere "arrakasta hutsa" izan zela azaldu du Cidek, eta iluntzera arte luzatu zela ikuskizuna.