Euskara eta UEUko ikastaroak egiteko dirulaguntzak emango ditu udalak

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 17a, 12:30

"Helduen euskalduntzean eta alfabetatzean eragitea" helburu, Zarauzko Udalak "garrantzia berezia" eman dio araututako ikastaroetatik aparte "euskara hutsean ikastaroak egiteari", hala nola, UEUn. Hala, aurrekontu partida bat ezarri du euskalduntze ikastaroetara eta UEUko udako ikastaroetara doazen herritarrei dirulaguntzak emateko.

Zarauzko Udaleko Gobernu Batzarrak maiatzaren 13an onartu zuen euskara eta UEUko ikastaroak emateko 2019rako deialdia. Zarauzko Udalak eta bere Erakunde Autonomoek dirulagun­tzak emateko Ordenan­tza Orokor arau­tzai­lea (2008) eta Euskara ikastaroak egiteko dirulagun­tzak emateko oinarri espezifikoak. 2019. urterako oinarri espezifikoak (2019) ditu oinarri onartu berri duten deialdi horrek.

Zarauzko Euskara Ordenantzak jasotzen du udalak "neurri egokiak" hartuko dituela euskara "gizarte esparru guztietan erabil dadin" eta "gizarte bizi­tzan euskararen presen­tzi­a gehi dadin". "Euskararen zabalpen fun­tzio­nala" da horretarako zehaztutako "bitartekoetako bat".

Hala, udalak azaldu du "oso garran­tzi­tsu­tzat" jo duela "helduen euskaldun­tze­an eta alfabeta­tze­an eragitea". "Bestalde, araututako ikastaroetatik aparte, euskara hu­tse­an ikastaroak egiteak (UEU) ere garran­tzi berezia har­tzen du hizkun­tza­ren ikuspuntutik. Horrexegatik, hain zuzen ere, aurrekontu partida bat ezarri du 2018-2019 ikasturtean zehar euskaldun­tze ikastaroetara eta UEUko udako ikastaroetara doazen Zarauzko biztanleei bekak emateko", gehitu du.

Udale­txe­ko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira dirulaguntzak eskatzeko dokumentuak, alegia, Herritarren Harrera Zerbitzuan (Kale Nagusia, 29) edota Udal Zerbitzu Telematikoetan. Dena den, erritarrek ikastaroa egin ostean egin ahalko dute dirulaguntzaren eskaera. Ikastaroa uztaila aurretik egin badute, uztailaren 1etik aurrera eskatu ahalko dute dirulaguntza, uztailaren 15era arte. Ikastaroa uztailetik irailera bitartean landuko badute, aldiz, irailaren 16tik aurrera egin beharko dute eskaera. Urriaren 4ean itxiko dute epea.

Hona hemen deialdiaren oinarri guztiak