Iaz bezala, Zarauzko Udalak autodefentsa feminista ikastaroa antolatu du uztailerako. "Erasoak identifikatzen, eta indarkeria bere arlo guztietan nondik datorren eta nola eraikitzen den" ikasiko dute bertaratzen diren emakumeek, udalaren arabera, eta horren guztiaren "ondorioak" ere landuko dituzte. Hala, "eguneroko bizitzan gertatzen diren" erasoei "erantzuna emateko mekanismoak" ere jorratuko dituzte ikastaroan, "emakumeei eguneroko bizitzan jasaten dituzten erasoen aurrean nola defendatu daitezkeen erakusteko".
Bestalde, "indarkeriaren inguruan dauden mitoak eta errealitateak" aztertzeko saiakera egingo dute, "horien ondorio indibidualak zein kolektiboak" zeintzuk diren ikusteko.
Alor teorikoa eta praktikoa
Udalak azaldu duenez, "teorikoa eta praktikoa" izango da ikastaroa, eta Maitena Monroy arduratuko da saioak bideratzeaz. Uztailaren 4ean eta 5ean egingo dute ikastaroa, 10:00etatik 14:00etara, Aritzbatalde kiroldegiko aretoan. Doakoa izango da, eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena, 943 005 117 telefono zenbakira deituta edota berdintasuna@zarautz.eus helbidera mezu bat bidalita.