Jendaurrean aurkeztuko du udalak Kortazar eta Lanpardoko hirigintza antolamendu-proposamena

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 17a, 18:30

Kortazarren eta Lanpardon egin asmo dutena herritarrei aurkeztuko die udalak, eta saioan herritarrek ekarpenak eta proposamenak egiteko aukera izango dute.

Jendaurrean aurkeztuko du Zarauzko Udalak Kortazarreko eta Lanpardo kaleko partzelen hirigintza antolamenduaren aldaketa proposamena. Alegia, partzela horietan egiteko asmoa dutena azalduko diete herritarrei, eta horiek, proiektuei ekarpenak eta proposamenak egiteko aukera izango dute. Etxezabalan jarri dute hitzordua ostegun honetan, 19:00etan.

2018ko martxoan aurkeztu zuen Xabier Txurruka alkateak Lanpardo kalerako proiektua. Helduentzako Hezkuntza Zentroaren eraikin zaharreko partzela eman zion Eusko Jaurlaritzari pasa den azaroan, bertan, babes sozialeko 25 etxebizitza eraikitzeko. Kortazarko partzelari dagokionez, adinekoen egoitza berri bat eraikitzea da asmoa, aldundiarekin, egun udan autoen aparkamendurako erabiltzen den partzelan.

Bi proiektuak azalduko dituzte Etxezabalako saioan. 19:00etan Lanpardokoa eta 20:00etan Kortazarrekoa.