Martxan da XXXV. Basarri Bertsopaper Lehiaketa

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 18a, 10:22

Parte hartzaileek uztailaren 31ra arte izango dute bertso-sortak aurkezteko aukera, eta nahi adina lan bidali ditzake bakoitzak. Aurten ere bi sari banatuko ditu epaimahaiak.

"Euskara suspertzeko eta bertsogintzari laguntzeko asmoz" antolatu du XXXV. Basarri Bertsopaper Lehiaketa Zarauzko Udalak. Parte hartzaileek uztailaren 31ra arte izango dute lanak aurkezteko aukera, eta nahi adina bertsopaper bidali ditzake bakoitzak. Gutxienez zortzi bertso jaso beharko ditu lan bakoitzak, gai eta doinu librean.

Lanak Sanz Enean aurkeztu behar dira, izengoiti batekin sinatuta. Bertsopaper guztiak jaso eta irakurri ostean, epaimahaiak irailean jakinaraziko ditu aurtengo irabazleen izenak. Iaz bezala, bi sari banatuko dituzte: garaileak 1.500 euro eta txapela eskuratuko ditu, eta 1.000 euro eta oroigarria bigarren sailkatuak. Parte hartzaile berak sari bat baino gehiago ezin izango du eskuratu.

Iaz Ibai Esoainek irabazi zuen lehen saria, Sigi Saga izeneko lanarekin. Xabier Euzkitze ere saritu zuten, Behar haut, putakumea izeneko bertso-sortari esker.

Hona hemen XXXV. Basarri Bertsopaper Lehiaketako oinarri guztiak