Gaur egingo dute Ruben Martin de Lucasek sortutako arte-ekintza, Astiko zelaian

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 18a, 12:37
Martin de Lucasek ekainaren 3an aurkeztu zuen bere lana, Modelon. (Erlo Telebista)

2018ko Daniel Txopitea beka irabazi zuen Martin de Lucasek. Orain, boluntarioen laguntzarekin, 'Burocracias' proiektuan jasotako lanketa garatzen ari da. Bihar arte-ekintza bat egingo du Astin, eta bertaratzeko dei egin die herritarrei.

2018. urtean Ruben Martin de Lucasek irabazi zuen Zarauzko Kultura sailaren Daniel Txopitea beka, Burocracias proiektua garatu ahal izateko. Giza-eskubideak ditu ardatz egitasmoak, tartean, libre mugitzeko eskubidea. Hala, mugak zein nazio kontzeptua aztertu ditu Martin de Lucasek, baita "libre mugitzeko eskubidea gizakiak berak asmatutako mugekin nola mugatzen den" ere.

Orain, boluntarioen laguntzarekin, proiektuan jasotako lanketa garatzeko lanetan murgildu da madrildarra. Gaur, asteartea, arte-ekintza bat egingo du Astiko errugbi zelaian, 18:00etan, eta bertaratzeko dei egin die herritarrei.