Besteek nola egiten duten surf begira dago itsaso ertzetik. Ez da erraza izaten Nadia Erostarbe (Zarautz, Gipuzkoa, 2000) etxean harrapatzea. Urte sabatikoa hartuta dabilen arren, txapelketetako bidaiak kontuan hartuta, ez da geldirik egon. Irailean izango dituen erronkei begira dago jada buru-belarri.
Sasoiko hasi duzu denboraldia.
Bai, eta oso pozik nago. Azken hiru hilabeteak oso onak izan dira. Ez nuen espero irabaztea QS zirkuituko Senegalgo eta Txileko probak. Izugarria izan da. Urte osoan zehar txapelketa asko izaten dira, puntuazio ezberdinekoak, eta irabazi ditudan puntuekin nahiko aurrean sartu naiz. Urte amaieran lehen bosten artean sartzen banaiz, lehen mailara igoko naiz datorren urtean. Denboraldi hasieran ez nuen horrelakorik espero.
Urte hasieratik oso erregularra izaten ari zara.
Bai, eta ikaragarri entrenatu naiz horretarako. Urte hasieran, Barbadosen egon nintzen, ur berotan entrenatzen. Bagenekien urteko lehen bost hilabeteak oso gogorrak izango zirela, eta hemen entrenatzea oso zaila da. Gabonak ere han pasatu nituen, entrenatzailearekin eta haren familiarekin.
Esperotako denboraldia izaten ari al da?
Ez. Inoiz usteko nuen baino askoz hobea izaten ari da. Nire helburu nagusia lehen 30etan sartzea zen, nahiz eta banekien oso-oso zaila izango zela. Txapelketaren bat irabazterik ez nuen espero; oso urruti ikusten nuen. Beraz, pentsa orain, bi irabazi ondoren.
Zer oroitzapen duzu Senegalgo lehen garaipen hartaz?
Izugarria izan zen. Giro aparta egon zen, olatu harrigarriak... Gainera, aitarekin joan nintzen hara. Dena aldeko izan nuen; ez nuen inolako garai txarrik izan. Fisikoki oso ondo nengoen, olatu onak izan nituen, eta zorte pixka bat ere izan nuen. Ez dira askotan tokatzen horrelako egunak. Egindako lanaren ondorioak ikusten hasi nintzen han.