Segurtasuna eta lan-baldintzak bateraezinak direnean

Amaia Urbieta Arruti 2019ko eka. 19a, 16:00
Zarauzko hondartza, atzo goizean. (Amaia Urbieta Arruti)

Beste urteetan baino zortzi sorosle gutxiago daude aurten hondartzan lanean. Horrek, bainatzeko tokia eta ordutegia murriztea ekarri du.

Ekainak 2, larunbata. Sekulako beroa egiten du eta hondartza goraino beteta dago. Ez dago, ordea, bainulariak zainduko dituen inor. Sorosle zerbitzua ekainaren 15ean hasiko omen da. Ekainak 16, igandea. Eguzkiak gogor jotzen du eta hondartza goraino beteta dago, jendea ez da sorosleak lanean hasi zain egoten bainatzera joateko. 11:00ak dira eta oraindik ez dago banderarik urertzean. Jendea marmarka dabil, zer gertatzen den asmatu ezinik.

Aurten ez du Gurutze Gorriak emango hondartza zaintzearen zerbitzua. Aurreko urtean iskanbilak izan ziren sorosleen lan-baldintzen inguruan, eta erabakiari buruzko azalpenak eman zituen Felix Zubia Gurutze Gorriko arduradunak pasa den astean. BPXport kirol zerbitzuen enpresa da Zarauzko hondartzaren zaintza daramana, eta, aurreko urteen aldean, hainbat aldaketa izan dira zerbitzuan.

HITZAk jakin ahal izan duenez, aurreko urtean eskatzen zituzten aldaketa guztien artean, soldatan bakarrik igarri dute aldea sorosleek. Udalak zerbitzua emateko lehiaketa publikoa atera zuenean, baldintzetako bat zen 16 langile kontratupean lanean izatea egunero. Pasa den urtera arte 24 sorosle izaten ziren aldi berean lanean. Aurten, aldi berean, gehienez, 16 soroslek egiten dute lan. Bainatzeko bost gune daude guztira hondartzan, beraz, hiruko bost taldetan banatuta, bat dorrean egoten da eta beste biak urertzean. Egoera ikusita, Munoa plazaren aurreko bainatzeko gunea kentzea erabaki dute sorosleek. Izan ere, bainuleku hori mantenduta, hondartza hasten denetik Muskaria parera arteko tartea bi pertsonen artean bakarrik zaindu beharko zuketen, horrek dakarren zailtasun guztiarekin.

Kontua are gehiago konplikatzen da 13:30 iristen denean. Sorosleek bazkaltzera joateko tartea izaten dute ordu horretan, baina hondartzak uneoro zainduta egon behar duenez, txandaka egiten dute. Hala, lehen aipatutako hondartzako zati bera pertsona bakarrak zaindu behar izaten du. Horregatik, bazkaritarako orduan hondartza osoko bost bainutokietatik bi ixteko erabakia hartzera behartuta sentitu dira sorosleak, tarte horretan zerbitzua  "ganoraz" eman ahal izateko. 16:10 arte (langile guztiek bazkaltzen duten arte), beraz,  hiru bainutoki baino ez dira egoten hondartza osoan.

Beranduago hasi eta lehenago bukatu

Jendea ohartuta dago, bainulekuen kopurua murrizteaz gain, sorosleek zerbitzua denbora laburragoan ematen dutela. Orain arte sorosleen lan jardunaldia zerbitzua ematen hasi baino ordulaurden lehenago hasten zen, eta zerbitzua amaitu eta ordulaurdenera amaitzen zen. Sorosleek lehenago joan behar izaten zuten guztia prestatzera, eta amaitutakoan dena jaso behar izaten zuten. Orain, ordea, hondartzako zaintza zerbitzua hasten den unetik amaitzen denera arte soilik kontabilizatzen diete jardunaldia. Horregatik, aurten 11:15ean hasten dira zerbitzua ematen eta 19:45ean amaitzen dute.

Sorosleek uste dute egun batean zerbait "larria" gerta daitekeela horrela jarraituz gero. Jendeak sorosleen egoera zein den jakin dezan nahi dute, eta horretarako, laster mezu bat zabalduko dutela jakinarazi dute, azalpenak emanez.