Euskadiko XXXIII. Beteranoen Xake Txapelketa jokatuko dute asteburuan Zarautzen

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 20a, 17:00

Larunbatean eta igandean izango dira xake partidak, Zarautz Kirol Elkartearen egoitzan. "Euskadiko xake jokalari onenak bilduko ditu txapelketak", tartean, Zarauzko taldeko hainbat parte hartzaile.

Datorren asteburuan jokatuko dute Euskadiko Beteranoen XXXIII. Xake Txapelketa, Zarautzen. Zarautz Kirol Elkartearen egoitza egokituko dute horretarako: "Xakeko joko gela erraldoi bilakatuko dute egoitza", azaldu dute elkarteko kideek.

Sistema suitzarra ezarriko dute txapelketan, hau da, sei errondako sistema. Larunbatean 10:00etan izango da lehenengo erronda; bigarrena, 12:15ean; hirugarrena 16:00etan; eta laugarrena, 18:15ean. Igandean ere jarraituko du lehiak; 09:30ean bosgarren erronda jokatuko dute parte hartzaileek; eta 11:45ean, seigarrena. Partida bakoitzak ordubeteko iraupena izango du, gutxi gorabehera.

Zarautz Kirol elkarteko kideen arabera, "txapelketak Euskadiko xake jokalari onenak bilduko ditu Zarautzen". Tartean izango dira Zarauzko taldeko hainbat kide ere; hala nola, Jaime Arozena, Fermin Lauroba edota Fran Ladron de Guevara.