Uda honetan ez du Gurutze Gorriak kudeatuko Zarauzko hondartzako zaintza, BPXport kirol zerbitzuen enpresak baizik. Aste honetan bildu dira Zarauzko Udala eta BPXport. Izan ere, zaintza zerbitzuaren kudeaketa esleitzeko udalak ateratako lehiaketa publikoa irabazi zuen enpresak; baina udalak salatu duenez, plegu teknikoetan zehaztutako eta adostutako hainbat baldintza ez dituzte bete ondoren. Hala, hamaika izan dira uda denboraldia hasi eta mahaira atera dituzten kezkak eta galderak; zerbitzuaren ordutegiaren inguruan edota banderen inguruan, esaterako.
Dena den, aste honetako bileren ostean, "zerbitzua plegu teknikoetan jasotzen den moduan eskaintzeko konpromisoa hartu du BPXportek", udalaren arabera. Uneoro 16 soroslek egingo dute zaintza zerbitzua, uretako bi motorrek lagunduta. Beste lau "ikuskarik" zainduko dituzte surf eskolen esku dauden eremuak; eta sorosleen bazkalorduetan zein atsedenetan, ikuskari horiek eskainiko diete laguntza sorosleei. Bestalde, uztaileko eta abuztuko jaiegunetan eta asteburu berezietan, bi sorosle gehiago izango dira lanean.
Pleguen arabera, 11:00etan hasiko da sorosleen zaintza zerbitzua, eta 20:00etan amaituko da. Udalak 544.579,34 euroko aurrekontua izango du zerbitzua bermatzeko, iaz baino 120.372,88 euro gehiago. Izan ere, Gurutze Gorriak zerbitzua ematen zuenean, boluntarioak ere aritzen ziren lanean. Hala, udalak dio "enpresa eta langileek iaz sinatutako lan hitzarmenean jasotako baldintza guztiak betetzeko" handitu duela aurrekontua, baita "hondartzako erabiltzaileen segurtasuna bermatuko duten langile profesionalen lan baldintzak hobetzeko, eta horien esku egongo diren baliabide materialak hobetzeko ere".
Aurten, guztira, 38 langile arduratuko dira hondartzaren zaintzaz, horietako lau, motorreko patroiak. 10 pertsona arituko dira surf eskolen eremuetako ikuskaritza eta osasun lanetan. Uda honetan, 16 beharginek egingo dute lan aldi berean; iaz, 24 izaten ziren, aurten baino zortzi gehiago.
Bestalde, udalak azaldu du "enpresarekin kontratatutako zerbitzuak uneoro beteko direla ziurtatzeko konpromisoa" duela, "hondartzako erabiltzaileen segurtasuna eta zerbitzuen hobekuntza helburu".