Gozaraztea gozabide

Amaia Urbieta Arruti 2019ko eka. 21a, 09:00
Miguel Taboada. (Utzitakoa)

Urteak daramatza Miguel Taboadak herriko egitasmo desberdinetan boluntario lanak egiten. Aurten, sanpelaio festetan egindako lanak aitortza izango du, eta Makila emango diote gaueko Helduen Danborradan.

20 urte igaro dira Miguel Taboada (Zarautz, 1975) lehen aldiz Haur Kultur Taldean boluntario lanetan hasi zenetik. Apurka-apurka, esperientzia irabazten joan da eta, egun, erreferente bat da sanpelaioetako danborraden antolakuntza lanetan. Haratago doa, ordea, Taboada. Festez gain, Balea Igeriketa Elkartean ere ari da boluntario lanetan. Ez da makala, beraz, herrigintzari egiten dion ekarpena.

Aurtengoan, sanpelaioetako Makila emango diote Taboadari ekainaren 25ean, gaueko danborradan. Azaldu du "urduri" jasoko duela. "Ni oso pertsona urduria naiz, eta nire ekintzetan ikusten da hori. Asteartean ere nabarituko zait". Makila bere familiari eskaini nahi diola ere esan du. "Azkenean, danborradaren eta igeriketaren kontuak zuzenean eragiten die beraiei. Ni langilea naiz, eta egunean familiarekin egoteko dauzkadan orduetako asko igarotzen ditut bestelako kultur ekitaldietan".

Izan ere, "pasioz" bizi du danborrada Taboadak. Horrenbeste, ezen bera izan baitzen bigarren aldiz antolatuko den Zarauzko Danborradaren sustatzaileetako bat. "Bultzada bat eman nahi genion Zarauzko danborradari, Donostiakoaren edo Azpeitikoaren antz handiagoa izan zezan". Aurreko urtean San Pelaio Bigarrenean izan zen hirugarren danborrada eta, aurten, San Pelaio egunean bertan izango da. Parte hartzea ez da oso altua Taboadaren ustez, beraz, datozen urteetarako Zarauzko Danborradari bultzada handiagoa emateko moduak pentsatzen dabil. "Gaztelekuan jarri ditugu kartelak eta prentsara oharrak bidali ditugu, baina 60 parte hartzaile inguru bakarrik elkartzea lortu dugu".

Hirugarren danborrada sustatzeko beste arrazoi bat zen, Taboadaren ustez, gazteek ez zutela danborra jotzeko aukerarik izaten beste bi danborradetan. "12 urtera arte txikien danborradan jo dezakete haurrek eta, hori eta gero, 18 urte izan arte ezin dute berriro atera". Horregatik, "guztientzako" izango den danborrada egingo dute aurten, bigarren aldiz.

Zarauzko Danborradako partaidetzak kezkatzen badu ere, aurkakoa gertatzen zaio sanpelaio bezperako helduen danborradarekin. 1999an, danborrada lehen aldiz egin zenean, "hutsik" egon ohi zen Lege Zaharren Enparantza, eta gaur egun, hamabi elkartek hartzen dute parte eta ia 400 herritar ateratzen dira. Taboadaren hitzetan, Lege Zaharren enparantza "txiki" geratzen da ekainaren 25eko gauean. "Jende asko egoten gara danborra jotzen, baina espazioa utzi behar da gainontzeko herritarrek ere txupinazoaz goza dezaten".

Tradizio luzea izanagatik, haurren danborradan ere gero eta parte hartze txikiagoa izan ohi da. "Badirudi herriko haurrei dagoeneko ez diela ilusio handirik egiten danborradan ateratzeak".
Urteak joan eta urteak etorri, danborjole gehiago edo gutxiago egon, grinez bizi ditu aurtengo omenduak egunok. "Beti gustatu izan zait laguntzea, eta atsegin dut ikustea nola haurrek eta helduek urduritasunez bizi duten egun hori, baina aldi berean nola gozatzen duten". "Asebete" egiten du sentipen horrek, eta azaldu duenez, zeharkaldiarekin gauza bera gertatzen zaio.

Zeharkaldiak atzean duena

Uztailaren 21erako 49. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia antolatu du Balea Igeriketa taldeak. Aurten, gainera, bi jardunalditakoa izango da: larunbatean. Zarautz-Getaria-Zarautz ibilbidea egingo dute, eta igandean ohiko Getaria-Zarautz.  Azken hiruzpalau urteetan zeharkaldiko partehartzea «izugarri» hazi dela dio Taboadak.

Balea Igeriketa Elkartearen diru iturri da ekitaldia, eta horrek kudeaketa lan handia eskatzen du. "Pentsa, 3.500 parte hartzaileren mezuak erantzuteak bakarrik zenbat denbora har dezakeen".
Igeriketa elkarteko zuzendari izana da Taboada, eta egun, zuzendariorde lanetan dabil. Aurtengo proba datorren urteko urrezko urteurrenerako «entsegu modukoa» izango dela azaldu du. Horregatik, estrainekoz bikoiztu dute probaren dimentsioa, datorren urterako ekitaldiaren ezaugarriei neurria hartuta izateko. "Gure helburua da 50. urteurrenean guztia bikain ateratzea".

Datozen urteetan ere saltsa guztietako perrexila izaten jarraitzeko asmoa dauka Taboadak. "Danborradako antolakuntzan jarraituko dut, badakit gazteei ere lekua egin behar zaiela, baina nik jarraituko dut. Igeriketan ere, nire semeak bertan diren artean, segiko dut ahal dudan ekarpena egiten. Unibertsitatean sartzen direnean, agian, beste kontu bat izango da".