Lagunarteko giroan ospatu zuten 10. urteurrena bidelariek eta bidelagunek

Amaia Urbieta Arruti 2019ko eka. 21a, 16:53

Atzo iluntzean ospatu zuten Modelo aretoan Mintzalagun egitasmoaren 10. urteurrena.

Goizane Arana Urola Kostako AEK-ko koordinatzaileak gidatu zuen saioa, eta denerako tartea izan zen: emozionatzeko, abesteko, sariak jasotzeko...

Mintzalagun egitasmoa duela 10 urte sortu zuten, euskara ikasleek ikasgeletan, liburu artean ikasitakoa kalera errazago atera ahal izateko. Hala, taldeka, ekintza desberdinak egiteko elkartzen dira bidelariak eta bidelagunak, euskaraz hitz egiteko aitzakiarekin.

Atzoko ekitaldian mintzalagunek ere izan zuten zeresana. Esaterako, talde bateko kideek beste taldekide bati agur esateko idatzi bat denen aurrean irakurtzeko aprobetxatu zuten. Hala, beren maitasuna eta esker ona adierazi zioten taldea utziko duenari.

Inaxio Uriak euskararen inguruan egindako bertsoak ere abestu zituzten guztien artean, eta beste mintzapraktika talde bateko kideek osatutako beste bertso batzuk ere abestu zituzten.

Ondoren, sarien tartea iritsi zen. Urola Kostako udaletako eta AEK-ren euskaltegietako ordezkariek, eta Udal Elkarteko lehendakari den Igor Iturainek eman zituzten sariak. Sari horiek mintzalagun bereziek eskuratu bazituzten ere, inor ez zen esku hutsik itzuli etxera atzokoan. Izan ere, egitasmoko kide guztiak oholtza gainera igoarazi, eta denei eman zieten atzoko ospakizunen oroigarria.

Erlazionatuak

10 urtez mingainak eta euskara astintzen

Onintza Lete Arrieta 2019 eka 20 Zarautz