Zelai Ondoko Jai Batzordearen oharra, San Joan suaren inguruan

Gaur gauean piztuko dira San Joan suak han-hemenka. Horren harira, Zelai Ondoko Jai Batzordeak herritarrei eskatu die ez botatzeko materialik sua egingo den tokira. 22:00etan piztuko dute sua, Mitxelena kalean.

Sare sozialen bidez zabaldu du oharra Zelai Ondoko Jai Batzordeak. Hau da antolatzaileen mezua: "San Joan bezpera askok itxaroten dugun eguna da. Jakitun gara azken urteotan ohitura bilakatu dela eskolako liburuak eta apunteak erretzea, baina, era berean, kontziente gara haize apur batek harrotuta oso arriskutsua izan daitekeela, erretako paperak suzko bola bilakatzen baitira, eta ikusleengana hel daitezke. Ondorioz, segurtasun arrazoiengatik hain zuzen, ez dugu sutara botatzeko ezer onartuko. Gu geu arduratuko gara erretzeko materiala ekartzeaz. Ulertuko duzuelakoan, barkatu eragozpenak eta mila esker laguntzeagatik".

Hau da gaur gaueko egitaraua, Zelai Ondon:

  • 21:30. Matraka elektrotxarangaren kalejira, San Joan sura.
  • 22:00. San Joan sua, Antonio Aranzabal zenaren zelaian, Mitxelena kalean. Montetxio abesbatza, Jalgi dantza kalea, Goizeko Ihintza txistulari taldea eta Zarauzko Txalaparta Eskolako eta ikasleak izango dira bertan.
  • 23:00. Bolatokira itzulera, Matraka elektrotxarangarekin.