San Pelaio festak 2019

Bart lapurreta egin dute Munoako txosnetako batean

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 25a, 11:57

Larunbatean aritu ziren muntatzen sanpelaioetako bi txosnak Munoan, eta atzo iritsi ziren aurreneko edariak eta materiala. Gaur goizean Dandakoak ohartu dira lapurrak sartu direla txosnetako batean, eta hainbat edari lapurtu dutela. Beste txosnan ere saiatu dira sartzen.

Gaur hasiko dira sanpelaioak, eta atzo dena prest utzi zuten Dandakoek Munoako txosnagunean. Bi txosnak larunbatean atondu zituzten, eta atzo egun osoan zehar argindarra eta ura jartzen aritu ziren. Aurreneko edari kaxak eta materiala ere atzo iritsi zen, eta gauean, 23:30 aldera lanak amaitu eta giltzarrapoz itxita gelditu ziren txosnak.

Gaur goizean ohartu dira Dandakoak lapurrak sartu direla bart. Txosna bateko giltzarrapoa apurtuta aurkitu dute, eta oraindik zenbaketa guztia egin ez duten arren, ron botilak falta direla ohartu dira.

Beste txosnan ere saiatu dira sartzen giltzarrapoa manipulatuz, baina ez dute lortu sartzea.