Espainiako surf txapelketa jokatu da asteburuan Valdoviñon (A Coruña, Galizia), eta Iker Amatriain zarauztarrak irabazi du maila absolutuan. Emakumezkoetan ere eskualdera etorri da txapela, Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra gailendu baita.
Juniorretako azken urtea du Amatriainek, eta finalean maila ona eskaini zuen. 16,35 puntu lortu zituen, eta kalitate ona erakutsi zuen manga guztietan.
Aurreko urteetan ere irabazi izan du Espainiako Txapelketa, 16 eta 18 urtez azpiko mailetan.
Emakumezkoetan, berriz, emozioz betetako finala jokatu zuten. Janire Gonzalez-Etxebarrik surf ederra egin zuen jardunaldi osoan zehar, eta 14 urterekin, Espainiako Txapelketa maila absolutoan irabazten duen surflari gazteena da. Melania Suarez eta Gonzalez-Etxebarriren artean izan zen lehia, eta zumaiarra gailendu zen 16 punturekin. Suarez bigarren sailkatu zen 12,10 punturekin, eta bi hauen atzetik Nerea Donaire eta Blanca Tye sailkatu ziren, 7,20 eta 7,10 punturekin, hurrenez hurren.
Amatriain nahiz Gonzalez-Etxabarri, biak pozarren ziren lortutako garaipenarekin, eta zumaiarra ezin sinetsita zegoen txapelketa hau irabazi duen surflari gazteena delako.