Aurten ere haurrentzako 'Udagiro' zerbitzua eskainiko dute uztailean

5-11 urte bitarteko haurrei zuzendutako jarduerak izango dira arratsaldero, begirale talde batek gidatuta.

Zarauzko Gazteria sailaren eskutik, Udagiro zerbitzua eskainiko dute uztailean, bigarren urtez jarraian. Hala, 5-11 urte bitarteko haurrei zuzendutako jarduerak izango dira arratsaldero, 15:00etatik 18:00etara. Uztailaren 1ean jarriko dute martxan Udagiro, uztailaren 30era bitartean.

Ekintzetan parte hartzeko, Salbideko parkera bertaratu beharko dute haurrek, eta bertan elkartuko dira begiraleekin. Taldea osatzean mugituko dira egun horretarako prestatutako jarduera egiteko. Bestalde, Salbiden haurrentzat egokitutako guneak irekiko ditu udalak, "jolasaren bitartez haurren arteko harremanak lantzeko eta udaz jolas giroan gozatzeko".

Udalak azaldu duenez, haurren gurasoek edo arduradunek begiraleekin hitz egiteko aukera izango dute egunero, haurrek jardueran 15:00etatik 18:00etara edo tarte txikiagoan parte hartuko duten jakinarazteko eta adosteko. Taldearekin non eta noiz elkartuko diren ere zehaztu ahalko dute.

Informazio gehiago nahi dutenek, 943 005 122 telefono zenbakira deitu dezakete, edo mezu bat bidali dezakete gazteri@zarautz.eus helbide elektronikora.