San Pelaio festak 2019

Irudietan: Helduen Danborrada (II)

Amaia Urbieta Arruti 2019ko eka. 26a, 11:42

Danbor jolez bete ziren atzo Zarauzko kaleak. Haurrei helduek hartu zieten lekukoa gauean, eta 12 elkarte gastronomiko ordezkatuz, ehundaka zarauztar atera ziren festara.

San Pelaio bezperan ohitura den moduan, gauean elkarte gastronomikoetako ordezkariak atera ziren danborrak eta barrilak jotzera. Giro ederrean, goraino bete zen plaza gauerdiko txupinarako.

Aurtengoan, Miguel Taboadari eman diote San Pelaio Makila, urteetan zehar Danborradaren antolakuntzan, eta herrigintzaren beste hainbat esparrutan egindako lanagatik. Taboadak familiari eskaini zion Makila. Ondoren, Zarautz Kirol Elkarteko kideak ere omendu zituzten, eta Esteban Collantes lehendakariak esker hitzak izan zituen aitortzagatik. Txupinazoa bota aurretik, ZKE-ren ereserkia abestu zuten Elkarteko kideek, plazara igota.

Ekitaldia amaitzeko, Pelaio Deunaren ereserkia abestu zuten plazan zeuden guztiek, albokoari lepotik helduta. Argazki gehiago ikusgai daude lotura honetan.

Gaur San Pelaio eguna da, eta festak ez du etenik izango zarauztarrentzat. Hemen dago ikusgai, datozen egunetako egitaraua, osorik.

Erlazionatuak

Irudietan: Helduen Danborrada (I)

Amaia Urbieta Arruti 2019 eka 26 Zarautz