Larunbat eta igande honetan jokatuko da gaztetxoen Txaparrotan

Iazko txapelketan 118 taldek hartu zuten parte. Aurten, 3 talde gehiago izango dira.

Ohi bezala, Desertu Txikian ariko dira eskubaloian, larunbatean 09:30ean hasi eta igandeko 19:00ak bitartean. 127 taldetan banatuta, 1.013 jokalarik eman dute izena.

Aurten ere arrakasta lortu du Txaparrotan egitasmoak: 1.013 haur eta gaztetxok eman dute izena 127 taldetan, eta larunbat eta igande honetan izango dira eskubaloi partidak Desertu Txikian. Guztira 238 partida jokatuko dituzte, sei joko zelaitan banatuta. 

Larunbatean 09:30ean hasiko dira partidak, eta igandean 19:00etan amaituko da eskubaloiaren festa. Igandean, 09:00etan hasiko dira partidak, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, finalak 18:00etan izango dira; jarraian banatuko dituzte sariak.

Laguntzaile guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete eskubaloi elkartekoek, "haien laguntzarik gabe ezinezkoa delako honelako egitasmo bat martxan jartzea".

Hiru kategoriatan banatuta

Hainbat kategoritan banatuta jokatuko dute hondartzan: gazteenak LH3 eta LH4koak izango dira, eta helduenak, DBH1 eta DBH2koak. Mailaz maila, hauek dira aurtengo egitasmoaren zenbakiak:

-Benjamin neskak (LH 3-4) 16 talde

-Benjamin mutilak (LH 3-4) 18 talde

-Kimu neskak (LH 5-6) 23 talde

-Kimu mutilak (LH 5-6) 21 talde

-Infantil neskak (DBH 1-2) 26 talde

-Infantil mutilak (DBH 1-2) 23 talde

Ordutegi guztiak hemen daude ikusgai.

Iaz txapelketaren 15. edizioa izan zen, eta horregatik mozorrotuta jokatu zuten askok. Orduan 118 taldek hartu zuten parte. Hemen ikus daitezke iazko argazkiak.