Bertsoek hartuko dute Zarautz datorren astean, hemeretzigarrenez

Motxian bertso eskolak antolatuta, uztailaren 11tik 13ra izango da aurtengo Bertso Astea. Besteak beste, bertso musikatuak, Desapiyo Eguna eta Bertso Eguna prestatu dituzte.

Aurten ere Bertso Astea antolatu du Motxian bertso eskolak, hemeretzigarren urtez jarraian. Uztailaren 11tik 13ra izango da; ostegunetik larunbatera, hain zuzen. Hala, aurten ere bertsoak entzuteko, bertsotan jarduteko edota abesteko aukera izango da Zarautzen.

Bertso musikatuen emanaldiarekin hasiko da Bertso Astea, ostegun gauean. Ohi bezala, Torre Luzeako parkean izango da. Ostiralean, aldiz, Desapiyo Eguna izango da, eta zarauztarrek eta oriotarrek neurtuko dituzte indarrak. Bertso-Pelota erronkan arituko dira arratsaldean, eta gauean, bertso saioa eskainiko dute Torre Luzean. Nahikari Gabilondok, Julen Zulaikak eta Iñigo Mantzizidorrek ordezkatuko dute Zarautz, eta Orio, Iñaki Gurrutxagak, Iñigo Izagirrek eta Egoitz Eizagirrek.

Larunbatean ospatuko dute Bertso Eguna, eta egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izango dute bertsozaleek. Hamaiketakoa, tabernaz tabernako Txepelketa eta bazkaria egingo dituzte, baita Final Handia ere.

Egitaraua

Uztailak 11, osteguna

  • 22:00. Bertso musikatuak, Torre Luzean

Uztailak 12, ostirala. Desapiyo Eguna, Zarautz vs Orio

  • 18:00. Bertso-Pelota, Frontoi Txikin
  • 22:30. Bertso saioa, Torre Luzean

Uztailak 13, larunbata. Bertso Eguna

  • 10:30. Hamaiketakoa, Musika plazan
  • 12:00. Txepelketa, tabernaz taberna
  • 15:00. Bazkaria eta Final Handia, Txiki Polit tabernan