Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua izango da Imanol Lasa

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 2a, 12:18
Imanol Lasa diputatu kargua hartuta, Markel Olanoaren ondoan. (Gipuzkoako Foru Ahaldundia)

Era berean, Lehen Diputatu Nagusiordea izango da.

Gipuzkoako Foru Aldundi berriak atzo ekin zion 2019-2023 agintaldiari, eta kargua hartu duten bederatzi diputatuetako bat Imanol Lasa zarauztarra da. Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua izateaz gain, Lehen Diputatu Nagusiordea izango da. «Gipuzkoako ekonomia ehunaren lehiakortasuna indartzea» izango du xede nagusi Lasa buru izango duen departamentuak, enpleguaren kalitatea sustatzea, eta jarduera ekonomiko berriak sortzen laguntzea bezalako lehentasunekin. Garai bateko egitura berreskuratuz, Turismoko zuzendaritza Lasa buru izango duen departamentuaren mende egongo da.

Joan den ostiralean izendatu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek Markel Olano ahaldun nagusi, eta atzo Foru Gobernu berria eratzeko batzarra egin zuten.«Datozen lau urteotan aurreko lauetan hasitako bidea jarraituko eta kontsolidatuko dugu», nabarmendu zuen Markel Olano diputatu nagusiak atzo goizeko kargu hartze ekitaldi publikoan eta ofizialean. EAJren eta PSE-EEren koalizio Foru gobernu berria eratzeko ekitaldia egin zuten atzo, eta bederatzi diputatuek kargua irudikatzen duten lepoko bereizgarria jaso zuten Olanoren eskutik.

Lasarekin batera Urola Kostako beste bik hartu dute kargua: Jabier Larrañaga eta Eider Mendoza azpeitiarrak. Hirurak EAJ alderdiko kideak dira.