Munduko txapelketa jokatuko dute Eneko Goenagak eta Mikel Amilibiak

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 3a, 11:23
Duela bi urte, Amilibiak eta Goenagak Zilarrezko domina eskuratu zuten munduko txapelketan, eta ongi etorria egin zioten Aritzbatalden. (Luis Epelde)

Amenabar Zarautzeko jokalariek Suitzan jokatu berri den Airport Trophy txapelketa irabazi dute Espainiako selekzioarekin. Uztailean izango da munduko txapelketa.

Uztailaren 16an emango diote hasiera, Galizian, junior mailako Munduko eskubaloi txapelketari. Bertan izango dira Amilibia eta Goenaga uztailaren 28ra bitartean. Munduko txapelketari hasiera eman aurretik, ordea, azken geldialdia Leonen egingo dute; Santanderreko trofeoa jokatuko dute Tunez aurkari dutela.

Lehen partida ostegun honetan izango da, hilaren 4an, 20:00etan Hansí Rodríguez kiroldegian, eta bigarrena uztailaren 6an, larunbatarekin arratsaldeko 19:30ean Villacelamako udal kiroldegian. Partidak streaming bidez ikusteko aukera izango da Eskubaloiko Espainiako federazioaren orrialdean.

Lau selekzioetan, onenak

Suitza, Frantzia eta Alemania izan dituzte aurkari Airporth Trophy asteburuan jokatu den txapelketan. Lau horietan onena izan da Espainiako selekzioa, eta horregatik lortu dute Munduko txapelketan aritzeko txartela.

Lehen norgehiagokan Alemania izan zuten aurkari, eta 26-26ko berdinketarekin amaitu zen partida. Bigarren lehia, berriz, etxekoen aurka izan zen, Suitzaren aurka, eta 23-32ko markagailuarekin irabazi zuten. Azken partidan ere garaipena eskuratu zuten, kasu honetan Frantziaren aurka, puntu batez gailenduz: 27 eta 26.