Bizitzan hartutako erabakiak, musika egiteko inspirazio iturri

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 3a, 12:30

Musika emanaldi berria sortu dute Andoni Egañak, Xabier Lizasok eta German Ormazabalek. Gaztetan Lizaso eta Ormazabal piano-jotzaileek aurrean izan zuten "bidegurutze bat" da abiapuntua, eta entzuleengan "gogoeta eragitea" da helburua: "Noiz eta ze egoeratan hartu behar izan nuen erabaki garrantzitsu bat? Zer irabazi nuen? Zer galdu?". Larunbat honetan Orion emango dute kontzertua, Arraunetxen.

Andoni Egañak, Xabier Lizasok eta German Ormazabalek proiektu berria dute esku artean. Bertsolari-idazle bat eta bi piano-jotzaile elkartu dira oraingoan, eta emaitzak dagoeneko badu izena: Eta... zer gehiago?. "Bizitzan denok hartu behar izan ditugun erabakiak" ditu ardatz hiruren artean sortu duten musika emanaldiak. Lizasok eta Ormazabalek gaztetan hartutako erabaki baten eta hortik erdietsitako bideen kontaketa dira emanaldiaren abiapuntua, baina helburua da entzuleengan "gogoeta eragitea": "Partikularretik abiatutako istorioa da baina unibertsalerako bidea aisa egiten duena".

"17-18 urterekin askok eta askok erabaki beharreko bidegurutze bat izaten dugu aurrean. Ikasten segi edo ez. Eta ikasten segitzekotan ze bide hartu", azaldu dute. Lizasok eta Ormazabalek ere bidegurutze horrekin egin zuten topo, eta ikasketa-arduradunak zer ikasiko zuten galdetzean, "biek erantzun berdina eman zuten: pianoa". "Pianoa ikasi behar zenuela esaten bazenuen hurrengo galdera segurua izaten zen: eta... zer gehiago?". Hala, erabaki bat hartu behar izan zuten biek, eta "bi bide" jaio ziren.

"Aukeratu beharra ez da ordea 17-18 urterekin eta ikasketa kontuetan bakarrik gertatzen. Beste mila gairen aurrean -lana, familia, harreman pertsonalak, bizilekua eta abar- eta bizitzaren edozein unetan izaten dugu bide bat edo bestea hartu beharraren askatasuna eta mina", diote. Beraz, Lizasoren eta Ormazabalen istorioen kontaketa "aitzakia bat baino" ez da, "entzule bakoitzarengan gogoeta eragiteko": "Noiz eta ze egoeratan hartu behar izan nuen erabaki garrantzitsu bat? Zer irabazi nuen? Zer galdu? Askatasuna eta lotura ez al dira txanpon beraren bi aurpegi?".

Pauso eta bideen isla musikan

Bi piano-jotzaileek emandako pausoek eta egindako ibilbideek badute isla Eta... zer gehiago? emanaldian. Hala, "lan serioak eta alaiak tartekatu" dituzte; "gure barrurantz bildu eta kanporantz bultzatzen gaituztenak". "Musikazaleentzat ez da oso ohikoa bi pianoren emanaldia entzutea eta horrek berak nahiko interes sor dezakeela uste dugu. Baina horrez gain, horren bizkarrezur, bi pertsona desberdinen hautuez ari gara, zintzoki", adierazi dute.

Hondarribian eskaini zuten emanaldia aurrenekoz, eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ere izan ziren iragan ostiralean. Aste honetan Orion egingo dute geldialdia: 22:00etan izango da kontzertua, Arraunetxen.