Zortzi liberazio oso izango ditu Zarauzko Udalak, aurreko agintaldian baino bi gehiago

Onintza Lete Arrieta 2019ko uzt. 3a, 14:50
Ordu eta hogei minutu iraun zuen atzoko udalbatzarrak, eta ohi bezala, Erlo Telebistak zuzenean eman zuen bere webgunean (Onintza Lete Arrieta)

Zehaztuta gelditu dira udal agintarien eta zinegotzien ardurak, baita beraien ordainsariak eta liberazio mailak ere. Atzo izan zen ezohiko udalbatzarra, eta EH Bilduk eskatu zuen tokiko gobernu batzarrean parte hartzea. EAJk irmo erantzun zion, esanez oposizioari ez dagokiola han parte hartzea.

Atzo iluntzean egin zuten ezohiko udalbatzarra udaletxean, agintaldi berriko ardurak banatzeko eta ordainsariak zehazteko, besteak beste. 21 zinegotzietatik 20 zeuden, Ahal Dugu-EquoBerdeak taldeko zinegotzi bakarra falta baitzen.

Guztira 15 zinegotzik izango dute liberazioa maila batean edo bestean, horietatik zortzik lanaldi osoan; hau da, duela lau urte baino bi liberazio gehiago izango dira oraingoan. Beste aldaketa nabarmenen artean daude, esaterako, Ahal Dugu-EquoBerdeak taldeko Ana de Benitok liberazio erdia eduki beharrean %25ekoa izango duela, eta EH Bildukoen ordainsariak %27a igo direla, horien maila beste zinegotzienekin berdinduz.

Eztabaidarik ez zen egon ordainsarien inguruan. Bai, ordea, parte hartzearen inguruan. EH Bilduk esan zuen elkarlana indartu nahi lukeela udal gobernuarekin, eta eskatu zuen, besteak beste, toki gobernu batzarrean parte hartzea. EAJk erantzun zion elkarlanerako ateak zabalik dituztela, baina toki gobernu batzarrean udal gobernuak hartzen duela parte, eta ez dela oposizioarentzako bilgunea.

Tokiko gobernu batzarra ondorengo zinegotziek osatuko dute: EAJko Xabier Txurruka, Jesus Arana, Iban San Martin, Iker Basurko eta Irune Urbietak, eta PSE-EEko Gloria Vazquezek.

Ardurak eta ordainsariak

Ardura banaketari dagokionez, sail batzuek orain arteko arduradun berak izango dituzte – esaterako, Xabier Txurruka alkateak jarraituko du Hirigintzaz arduratzen–, baina beste batzuk eskuz aldatzea adostu dute.

Batetik, Gizarte Zerbitzuen ardura Jesus Aranak izango du, eta ez Gloria Vazquezek. Kirolak ere arduradun berria izango du, Leire Aranak hartuko baitu sail hori, Iban San Martinen ordez.

Zehatz-mehatz, hauek dira udal zinegotziek aurrerantzean izango dituzten ardurak eta ordainsari gordinak:

  • Xabier Txurruka (EAJ). Alkatea arduratuko da hirigintzaz eta proiektuez. Lanaldi osoz ariko da. Ordainsaria: 4.921 euro hilean, 14 hilekotan. 
  • Jesus Arana (EAJ). Lehen alkateordea izango da. Ardurak: giza baliabideak, ogasuna eta finantzak; gizarte politikak; IKT e-administrazioa; eta gobernantza irekia, partaidetza eta elkarbizitza. Lanaldi osoa izango du, 3.898 euroko ordainsariarekin, 14 hilekotan.
  • Gloria Vazquez (PSE-EE).  Bigarren alkateordea ingurumenaz, parekidetasunaz eta Agenda 21ez arduratuko da, dedikazio osoz. Ordainsaria: 3.147 euro*, 14 hilekotan (*soldata hori jasoko du, zegokionaren  zati bat idazkaria ordaintzeko erabiltzea erabaki duelako).
  • Iban San Martin (EAJ). Hirugarren alkateordea azpiegiturez, obra txikiez eta zerbitzuez arduratuko da. Ordainsaria: 3.648 euro hilean, 14 hilekotan banatuta.
  • Iker Basurko (EAJ). Hainbat arlotako ardura izango du: barne kudeaketa, kontratazioa eta ondarea; garapen jasangarria; mugikortasuna; tokiko garapen ekonomikoa, merkataritza eta ostalaritza; eta herritarren arreta zerbitzua. Lanaldi osoz, hilean 3.648 euroko ordainsaria izango du, 14 hilekotan.
  • Irune Urbieta (EAJ). Arduratuko da euskaraz, kulturaz eta hezkuntzaz. Lanaldi osora. Ordainsaria: 3.522 euro, 14 hilekotan banatuta.
  • Leire Arana (EAJ). Kirolaz, eta boluntariotzaz eta gizarte ekimenaz arduratuko da. Lanaldi osora. Ordainsaria: 3.053 euro, 14 hilekotan banatuta.
  • Ixidor Larrañaga (EAJ). Turismoaz eta jaiez arduratuko da, dedikazio erdiz. Ordainsaria: 1.761 euro 14 hilekotan.
  • Iratxe Zorrozua (EAJ).  Immigrazioaz arduratuko da, %15eko liberazioarekin. Ordainsaria: 528 euro, 14 hilekotan.
  • Patxi Elola (PSE-EE). Lankidetzaz, eta ingurumen heziketa eta baratzeez arduratuko da. Liberazioa: %15. Ordainsaria: 528 euro, 14 hilekotan.
  • Jon Andoni Urdangarin (EAJ).  Gazteriaz arduratuko da, %15eko liberazioarekin. Ordainsaria: 528 euro, 14 hilekotan.
  • Itziar Murua (EH Bildu).  Lanaldi osoko liberazioa. Ordainsaria: 3.053 euro, 14 hilekotan.
  • Ion Arozena (EH Bildu). Liberazio erdia. Ordainsaria: 1.526 euro, 14 hilekotan.
  • Ainara Landa (EH Bildu). Liberazio erdia. Ordainsaria: 1.526 euro, 14 hilekotan.
  • Ana de Benito (Ahal Dugu-EquoBerdeak). Liberazioaren %25. Ordainsaria: 763 euro, 14 hilekotan.

Bestalde, honako diru sarrerak izango dituzte udal alderdiek:

  • Udalean ordezkaritza edukitzeagatik, alderdi bakoitzak hilean 640 euro jasoko ditu.
  • Zinegotzi bakoitzeko, alderdiak 160 euro jasoko ditu hilero.

  • Ordainsaririk ez duten zinegotziek, udalbatzar bakoitzean parte hartzeagatik 110 euro jasoko dituzte, eta 75 euro batzordeetan parte hartzen duten aldiro.

Kide anitzeko organoetarako ordezkariak ere izendatu zituzten:

  • Urola Kostako Udal Elkarteko zuzendaritza: Jesus Arana, Iker Basurko, Gloria Vazquez, Itziar Murua eta Mikel Goenaga. Ordezkoak: Mikel San Martin, Leire Arana, Patxi Elola, Ainara Landa eta Jabier Etxaburu.
  • Beterri: Xabier Txurruka.
  • Haurreskolak Partzuergoa: Irune Urbieta
  • Eskola Kontseilua: Irune Urbieta
  • Artezaleak: Irune Urbieta eta Leire Arana
  • Elkarkidetzak kontrol batzordea: Jesus Arana
  • Urkome: Leire Arana (ordezkoa: Jesus Arana)
  • Gurutze Gorria: Leire Arana
  • Zarautz Hileta Zerbitzuak S.A.: Iban San Martin
  • Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: Iban San Martin
  • Pagoetako Parke Naturaleko patronatua: Gloria Vazquez
  • Gipuzkoako Garraio Agintaritza: Iker Basurko (ordezkoa: Jesus Arana)
  • Uema: Irune Urbieta, Jon Andoni Urdangarin, Leire Arana, Begotxu Olaizola, Jesus Goikoetxea (ordezkoak: Miren Letamendia, Ixidor Larrañaga, Itziar Murua eta Eider Illarramendi).

Azkenik, hainbat eskumenetako eskuordetzak ere zehaztuta gelditu ziren. Hala, hirigintzako eskumenen eskuordetza alkatetzak izango du; ekomomia arlokoa, Jesus Arana lehen alkateordeak; segurtasun arlokoa, Iban San Martin hirugarren alkateordeak; eta Imanol Urbieta Musika Eskolari dagokiona, azkenik, Irune Urbietak Kultura zinegotziak.

Ikusi atzoko udalbatzarra, osorik, hemen.