Ana de Benito aurreko agintaldian aurkeztu zen lehenengo aldiz Irabazi Zarautz koalizioko zerrendaburu Zarauzko udal hauteskundeetara. Bi zinegotzi eskuratu zituen koalizioak, eta udal hauteskunde hauetan berriz aurkeztu zen zerrendaburu, Ahal Dugu-EquiBerdeak koalizioarekin. Oraingoan ordezkari bakarra lortu dute, eta gaur jakinarazi du koalizioak dimisioa eman duela.
Atzo ezohiko udalbatzarra egin zen zinegotzien ardurak eta ordainsariak zehazteko, eta De Benito ez zen bertaratu.
Koalizioak oharrean jakinarazi duenez, arrazoi pertsonalengatik dimititu du De Benitok. Alderdiak onartu egin du dimisioa, eta eskertu egin du urte hauetan hark egindako lan guztia.
Oharrean jakinarazi dutenez, Oihane Delgadok hartuko du haren lekukoa udalean, eta bera izango da koalizioaren zinegotzi bakarra. Aurreko agintaldian ere zinegotzia izan zen. Hurrengo udalbatzarrean utziko du kargua ofizialki De Benitok, eta tramiteak egin ondoren, irail aldera hartuko du kargua Delgadok.