1.000 jokalari batuko dira asteburuan Txaparrotan eskubaloi txapelketan

Asteburuan urteroko hitzordua izango dute eskubaloi zaleek Desertu Txikian. 128 taldek neurtuko dituzte indarrak aurtengo Txaparrotan txapelketan, eta guztira, 240 partida jokatuko dituzte.

Pasa den asteburuan gazteenek eman zioten hasiera aurtengo Txaparrotan txapelketari. 1.013 jokalarik hartu zuten parte, eta 238 partida jokatu zituzten Desertu Txikian, sei joko zelaietan banatuta.

Datorren asteburuan izango da helduen txanda. 1.009 pertsona bilduko dira eskubaloiaren festan, hamaseigarren urtez jarraian. 128 taldek eman dute izena; 36 emakumezkoek osatutako taldeak dira, 63 gizonezkoek osatutakoak, eta 29, bitarikoak.

Antolatzaileek azaldu dutenez, 240 norgehiagoka izango dira asteburuan Desertu Txikian, sei joko zelaietan: Tablaua, Argiñano, Santa Barbara, Kanpiña, Alla Punta eta Mollarri. Larunbatean hasiko dira partidak, 09:00etan, eta igandean jokatuko dituzte finalak, 18:30ean hasita. Jarraian banatuko dituzte sariak, Desertu Txikiko oholtzan.

Ondorengo estekan ikus daitezke partiden ordutegi guztiak