Udan ere ikastaroak izango dira Aritzbatalde kiroldegian

Kirol Txokoetan parte hartzeko aukera izango dute aurten ere 5 eta 11 urte bitarteko haurrek. Uztaileko datozen hiru asteetarako badaude leku libreak.

Iaz jarri zituzten Kirol Txokoak martxan eta aurten ere izango da aukera horietan parte hartzeko. 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutakoa izango da eskaintza, eta 09:30etik 13:00etara, kirol eta jolas desberdinak probatzeko aukera izango dute haurrek.

Uztaileko lehen astean 40 haurrek hartu dute parte. Irteerak, dantza, ur jolasak... denetik egin dute. Uztaileko datozen hiru asteetarako plaza libreak daude oraindik eta parte hartzeko interesa duen orok Kiroldegiko harreran eman beharko du izena. Kiroldegiko bazkide direnek 50 euro ordaindu beharko dute aste bakoitzeko, eta bazkide ez direnek 75. Era berean, jakinarazi dutenez, zaintza zerbitzua izango da 09:00etatik 09:30era.