Izena eman daiteke uztailaren 19-21 asteburuan Pirinioetara joateko bidaian

Hilaren 11n, osteguna, eman beharko dute izena oraindik egin ez dutenek, Pagoeta Mendizale Elkartearekin asteburu pasa joan ahal izateko. GR11 jarraituz, bi egunetako zeharkaldia egingo dute parte hartzaileek.

GR11 zeharkatzeko txangoa antolatu du datorren asterako Pagoeta Mendizale Elkarteak. Autobusez egingo dute bidaia Aragoi aldera ostiral gauean irtenda (uztailak 19), eta bi egun pasako dituzte mendian, uztailaren 20an eta 21ean. Aurreneko egunean ondorengoa izango da ibilbidea: San Jaimeko zubia  (Benasque)– Estoseko aterpetxea - Chistauko mendatea – Viadoseko aterpetxea. Bigarrenean, berriz, honakoa: Viadoseko aterpetxea – Urdicetoko lepoa – Parzan.

Aurreneko egunean 21,6 kilometro inguru ibiliko dira mendizaleak. Bigarrenean, 22 kilometro. Biak zailtasunik gabekoak direla azaldu dute, eta bigarren eguneko zatirik handiena mendi bide edo pistetatik egingo dela gaineratu dute.

Informazio praktikoa

Oraindik izena eman ez dutenentzat, hainbat xehetasun jakinarazi dute. Batetik, esan dute zeharkaldietarako ohiko ekipoa eraman behar dela. Hau da, beroki/euritakoren bat, makilak, esku zorroak, bi egunetarako mokaduak eta ura. Motxilan pisu gehiegi ez sartzea gomendatu dute.

Bestetik, azaldu dute lotarako mantak badaudela aterpetxean, baina norberak eraman beharko duela maindirea edo zakua.

Viadoseko aterpetxean pasako dute larunbat gaua, eta joan-etorria ere literadun autobusean egingo dute. Ordaintzen den prezioan sartuta dago joan-etorria autobusez Zarauztik, afaria, lotarako lekua eta gosaria (mendirako edota gainerako mokaduak norberaren kontu).

Ostiralean, uztailak 19, 00:00etan aterako dira Pirinioetara, gauerdian. Beti bezala, Agoueseneko biribilgunean elkartuko dira autobusa hartzeko. Itzulera, berriz, 

Izen-ematea eta prezioak

Izena emateko derrigorra izango da uztailaren 11n elkartearen egoitzara bertaratzea, 20:00etatik 21:00etara bitartean. Gainera, nahitaezkoa izango da mendian federatuta egotea.

Prezioei dagokienez, ezaugarrien arabera desberdinak dira: Pagoeta Mendizale Elkarteko bazkide gazteek (25 urte arte) 65 euro ordaindu beharko dituzte. Adin horretatik gorakoek, berriz, 100 euro. Bazkide ez diren gazteek, 70 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez bazkide helduek, azkenik, 110 euro.

Ordainketa egiteko bi kontu korronte zenbaki eman dituzte: 2095 5076 48 1065685215 (Kutxabank) edo 3035 0029 65 0290015562 (Laboral Kutxa).

Gehienez 40 lagunek parte hartu ahal izango dute bidaia honetan.