Gustu guztietarako emanaldiak, Kalerkiren lehen egunean

Unai Zubeldia/Gipuzkoako Hitza 2019ko uzt. 5a, 12:43

Atzo hasi zuten Kalerki jaialdia, lehen lau emanaldiekin. Haietako bat, Calor, bi aldiz eskaini zuten. Herritarren ikusmina piztu zuten emanaldi guztiek.

“Gero eta zailagoa da kale antzerkia topatzea”. Eta, Olatz Azkue Zarauzko Udaleko kultur dinamizatzailearen hitzetan, horregatik da hain garrantzitsua gainerako diziplinei ere lekua egitea. “Zirkuaren alorrean askoz zabalagoa da eskaintza, eta, aurten, horregatik erabaki dugu antzerkiarekin batera dantza, musika eta akrobazia ere sartzea”. Antzerki jaialdi soil bat baino “askoz gehiago” delako Kalerki Zarauzko kaleko antzerki jaialdia. “Kaleko ikuskizun jaialdi bat dela esaten dut nik beti”, zehaztu du Azkuek. Atzo eskaini zituzten lehen lau emanaldiak, eta etzi amaituko da jaialdia, urtero zezen puzgarriekin egiten duten entzierroarekin —18:30ean hasiko da, udaletxe aurrean—. “Jendeak asko estimatzen du ekitaldi hori”, zehaztu du udaleko kultur teknikariak.

Alproja Zarauzko antzerki taldea dago Kalerki jaialdiaren oinarrian. “Herrian antzokirik eta antzezlanik ez zegoela ikusita, Alproja antzerki taldearen inguruan zebilen hainbat lagun elkartu egin zen, 1994an”. Azkuek jakinarazi duenez, antzokian ezin bazen, kalean jaialdi xume bat bultzatu beharra zeukatela erabaki zuten talde hartako kideek. Zarauzko tabernetan eta Musika plazan hasi ziren emanaldiak eskaintzen. “Eta diru pixka bat biltzeko txapela pasatzen zuten amaieran”. Azkueren hitzetan, Alproja antzerki taldearen lanari eta Zarauzko Udalaren diru laguntzari esker, “pixkanaka hazten” joan zen jaialdia. Eta, ibilian-ibilian, 26. urtea beteko du aurten. “Euskal Herrian erreferente bihurtu da denborarekin”.

Hogei urteko lan eskergaren zama bizkar gainean zuela, Alproja taldeak duela sei urte udalaren esku utzi zuen Kalerkiren antolaketa lana. “Eurentzat gero eta zailagoa zen emanaldiak antolatzea”. Segurtasun arau zorrotzak bete behar izaten dituzte kaleko ikuskizunek. “Eta hor zeuden kontratu kontuak ere”. Hori bai, ekimenaren bultzatzaileek hasierako urteetan egindako lana aitortuta, “garai bateko lan ildoari jarraipena ematen” saiatzen ari da udala.

Irakurri artikulua osorik, Gipuzkoako Hitzan.

Argazkiak: Dorleta Agiriano Lai