Nostalgia, haurtzaroa eta kontzientzia, berritutako muralean

Amaia Urbieta Arruti 2019ko uzt. 6a, 09:59

Duela 30 urte Salbatore Mitxelenaren omenez egindako muralari bizi berria eman dio Xabier Egaña artistak. Esker hitzak izan zituzten beretzat ingurukoek, atzo egindako inaugurazio ekitaldian.

Apirilean iragarri bezala, berritu du Xabier Egañak Iñurritzan Salbatore Mitxelenaren omenez egindako murala. Atzo arratsaldean ekitaldi xumea izan zen bertan: Anjel Lertxundi eta Jose Luis Padron idazleek eta Jesus Arana udaleko ordezkariak hartu zuten hitza, Egañaren obraren inguruan aritzeko.

Txistulariek eta dantzariek Egañari aurreskua eskaini ostean, Lertxundik Salbatore Mitxelenaren eta Iñurritzaren arteko loturaren inguruan hitz egin zuen. "Esan ohi da haurtzaroa dela gure paradisua, eta haurtzaroan bizi izandakoek egiten gaituztela". Hain zuzen, Egañaren zein Mitxelenaren obretan, inplizituki edo esplizituki haurtzaroak bere presentzia duela azaldu zuen, eta Mitxelenaren lehen poemetan zehazki, Iñurritzako zelaia sarri agertzen dela, bere haurtzaroko oroitzapenetan bezala. "Bere poema horietan hitz egiten du asko bere amaz; obsesio bat da bere literatura guztian. Baita gerrak utzitako erabateko abailduraz, familietan eta Euskal Herrian".

Egañaren obrara itzuliz, Lertxundik nabarmendu zuen mural berriak pintura, marrazkiak eta eskultura uztartzen dituela. Eskultura da airean ikus daitekeen gizakia. Lertxundiren arabera, Marc Chagallen koadroetako figura aereoak ekarri dizkio gogora irudi horrek. "Hemen agertzen den hau izan liteke aingeru goardakoa, izan liteke bizitzan zehar agertzen zaigun lagun min hori edo izan liteke gure barruko kontzientzia". Koloreak haurtzaroarekin lotu ditu Lertxundik, azalduz, "oso modu koloretsuan" adierazten dela beti garai hori. "Hurbilduz gero, ikus daiteke koloreek testura, matiz eta aberastasun handia dutela".

Jarraian, Jose Luis Padronek poema bat errezitatu zuen, Salbatore Mitxelenaren bizitza eta obra gogora ekarriz, eta borobiltzeko, Egañaren obra goretsiz. Egañak berak ere hartu zuen hitza tarte labur batez, azaltzeko muralaren beheko ezkerreko aldean azaltzen den triangeluaren ertza dela muralaren gakoa. "Ezegongorra, egonkorra", esan zuen. "Puntu horrek eusten du horma guztia, airean dagoen irudiarekin batera".

Ekitaldia amaitzeko, Jesus Arana udaleko ordezkariak eskerrak eman zizkion Egañari egindako lanagatik, eta azaldu zuen murala berritzeko "une ezinhobea" zela jakin zutela proposamena heldu zitzaienean. Salbatore Mitxelenaren jaiotzaren 100. urteurrena, eta aurtengoan ikastola Kilometroetako antolatzaile izanik, "momentu aproposa" zela ikusi zuten. Bestetik, eskerrak eman zizkion Aranak Artegaña elkarteari ere, eta lanean jarraitzera animatu zituen, "halako obrei ikusgarritasuna emateko".