Zabaldu dute Turismo Bulego berria

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 6a, 10:06

Urte hasieran jarri zituzten martxan Turismo Bulego berriaren obrak eta atzo zabaldu zituen ateak, Kale Nagusiko 30. zenbakian (Mazaren lokalean).

Atzo amaitu zituzten Kale Nagusiko Turismo Bulego berria amaitzeko obrak. Dagoeneko zabaldu ditu ateak, eta udako denboraldian, ondoko ordutegian egongo da zabalik: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara, larunbatetan 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara.

Kanpotik begiratuta pantaila handietan Zarauzko irudi desberdinak ikus daitezke bulego berriaren erakusleihoan: San Pelaio festetako danborradaren irudiak, herriaren inguruko paisaienak... Hasierako aurreikuspenak baino beranduago zabaldu badute ere, Xabier Txurruka alkateak ekainean jakinarazi zuen uztailaren lehen hamabostaldian zabalduko zituela ateak. Goitu enpresari esleitu zizkion obrak udalak, 482.412 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).

Txurrukak adierazi zuen udala "hobetzeko" duten estrategian beste pauso bat dela Turismo Bulegoaren kokapen berriarena: ""Turismo Bulegoa interes historiko, komertzial eta ludikoa duen kokapen berri honetara aldatzea funtsezkoa dela deritzogu". Bulego berria baleak arrantzatzeko ontzien forman oinarritua dago. Buelta emandako itsasontzi baten forma eman diote espazioari, eta horren helburua, "bulego berrian sartzen diren pertsonei harrera sentsazioa transmititzea" dela esan zuen Txurrukak urtarrilean egindako agerraldi batean.