Bizitzari beste begirune bat diote

Axi Muniainek 2016an istripu larri bat izan zuen surfean ari zela. Horrek eragindako hausnarketen inguruan hitz egin du zarauztarrak, Jokin Lizeaga mendi korrikalari urnietarrarekin batera.

Zarautzen (Gipuzkoa) da hitzordua. Eguraldi aparta lagun, turistaz beterik dagokostaldeko herria, eta Axi Muniain ere lanpetuta dabil oso. Goizean, ia 50 ume inguru igaro dira haren ikastaroetatik. Jokin Lizeaga mendi korrikalariaren egunerokoa, berriz, oso ezberdina da. Hamabost hilabeteko geldialdian segitzen du oraindik. Ez zuten elkar ezagutzen, baina hasieratik konplizitate handiz jardun dira biak.

Bata bestearen kirolean ibilitakoak al zarete?

AxI Muniain: Oso gutxi, ia batere ez. Entrenatzen ibiltzen naiz zerbait korrika-eta, gehienbat denboraldi-aurrean. Gogoan dut, dena dela, 18 urte nituenean, belarrian otitisa begiratzera joan eta medikuak nola esan zidan: «Edo surfa, edo entzumena!». Espezialistak debekatu egin nahi zidan surfean ibiltzea, kirol honen ondorioengatik. Amorruarekin, Herniora joan nintzen, elurretan, hil ala bizi. Gailurrera iritsi nintzenean, erabakia hartu nuen: surfean jarraituko nuela. Eta orain arte.

Jokin Lizeaga: Azken urteetan ez naiz ibili surfean. Orain hamabost urte, saiakera bat egin nuen hemen, Zarautzen. Makina bat buelta eman nuen zutik egoteko ahaleginean, baina handik denbora batera esan zidaten lehiaketetarako erabiltzen zen taula bat zela nik erabiltzen nuena, eta geroztik ez naiz saiatu ere egin.

Biek ezbehar larria izan duzue zuen kirolean ari zinetela. Olatu erraldoi batek irentsi egin zintuen zu, Muniain, 2016ko abenduan, Nazaren (Portugal). Zu, Lizeaga, 30 metroko sakonerako zulo batera erori zinen iazko apirilean, Europako Mendietako (Asturias, Espainia) lasterketa batean lehiatzen ari zinela. Aurretik izan al zenuten horrelako beste esperientzia traumatikorik?

A. M.: Hura bezain ezbehar larririk ez, egia esan. Azken udazken honetan, urrian, berriro ere tinpanoak hautsi nituen, eta horrek arazo bat sortu zidan. Arrastaka ibili naiz geroztik, eta arrauna ere debekatuta eduki dut negu guztian.

J.L.: 2015ean ere izan nuen larrialdi bat. Elurretan ginen, ikasleekin, Bisaurinen [2.670 metro, Huesca], eta erori egin nintzen. Sei hilabete pasatu nituen geldirik.

<br />

 

Surfa eta mendi lasterketak. Biak ere oso kirol ezberdinak dira. Zu, Muniain, olatu erraldoietan ibiltzen zara surfean, eta badakizu ondorioak larriak direla eroriz gero; zuk, Lizeaga, inoiz ez zenuen pentsatuko erorita horrelako ondorio larriak izango zenituenik.

A.M.: Sekula ez duzu hori pentsatzen, nahiz eta badakigun gerta daitekeela. Nik gogoan dut gainera zer zetorkidan irudi haiek ikusi eta oraindik ere ondorioak sufritzen hasi ez nintzenean. Oso aurreikuspen beltzak nituen, eta lehen kolpeak beldurra areagotzen du, gainera. Handik hasten dira mamuak ateratzen, eta ni azkar hasi nintzen pentsatzen ez nuela aukerarik izango ezta kontatzeko ere. Baina, bestalde, argi izan nuen zer egin behar nuen, eta protokoloa ahalik eta urrunena eraman nuen. Zortearen esku gelditu nintzen, eta ez nion kontra egin.

J.L.: Nire kirolak ez luke arriskutsua izan beharrik, traumatikoa agian bai, baina arriskutsua ez. Eskalada edo alpinismoa izan daitezke, baina mendian, eta, gainera, lasterketa batean, ez dut uste bizia arriskuan egon daitekeenik. Faktore ugari elkartu ziren, eta oso egoera lazgarria ekarri zuten.

Istripua eta ondorioak
Oraindik ere sufritzen ari al zarete istripuaren ondorioak?

J.L.: Ni oraindik ere lesionaturik nago, eta iruditzen zait lesio batzuk betiko izango ditudala. Lesio traumatologikoen aldetik, bizkarrezurrak eta orkatilak ematen didate arazo gehien, sorbalda ere hor dago... Eta, gero, lesio neurologikoak etorri ziren. Buruko nerbio optikoan ere arazoak ditut; %30eko zuntz galera bat izan dut bertan, eta oraindik ez dakigu gehiagora joango den edo ez. Istripua izan eta hamabost hilabete pasatu eta gero, oraindik ere gaixo agiriarekin nago. Guztiz suspertzea oso zaila izango da, baina espero dut bizitza normala egiteko moduan izatea.

A.M.: Nik ezetz esango nuke; ia bi urte dira istripua ian nuela. Egia da itzultzea gogorra egiten zaidala. Badakizu zertara zoazen, eta aurretik ere zer pasatutakoa zaren. Oso zaila egiten da balore berarekin itzultzea, baina iruditzen zait erosotasun puntu handi batekin nagoela.

Irakurri artikulua osorik berria.eus atarian.