Iragan astean hasi zen Arranopola kultur dinamika. Hala, aurtengo udan ere ostegunero izango dira emanaldiak Arrano tabernako terrazan. Aurreko ostegunean, Asisko Urmenetak Eusklabo Alaiak parodia satirikoa eskaini zuen. Ostegun honetan, aldiz, musikak hartuko du Musika plaza: Low Riders taldea igoko da Arrano aurreko oholtzara. 20:00etan hasiko da kontzertua.
Michal Kapoun, Nagore Etxabe, Marek Barath eta Nagore Mitxelena musikariek osatutako taldea da Low Riders; beren hitzetan, "country, rock eta psikodeliaren artean dantzan dabilena". Hiru lan argitaratu dituzte dagoeneko; Hightimes (2013), Plays Lee (2014) eta Forgive your enemies (2016).