Ahal Dugu-EquoBerdeak alderdiak exijitu dio Udal Gobernuari "orain arteko hondartza zaintza zerbitzu berbera eskaintzen jarraitzea"

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 8a, 17:30

Hondartzako zaintzaren inguruko hainbat eskaera luzatu dizkio Ahal Dugu-Equoberdeak taldeak Udal Gobernuari.

Azken urteetan Gurutze Gorriak "oso zerbitzu profesionala" eskaini duela iritzita, "zerbitzu bera eskaintzen" jarraitzeko exijitu dio Ahal Dugu-EquoBerdeakek udalari. Azaldu dute "Gipuzkoako hondartza arriskutsuenetarikoa" dela Zarauzkoa, eta ezin dela "udal gobernuaren gaitasunik eza eta arduragabekeriagatik sorospen zerbitzu murriztu eta ez-askirik" izan. Horrez gain, exijitu dute zerbitzu horrek osasun eta administrazio arloetan ere kalitate berbera izaten jarrai dezan.

Surf guneen kudeaketa "eraginkorra eta erreala" izan dadin ere eskatu dute, "denok bainuaz lasai gozatzeko". "Ez dezagun ahaztu hondartza leku publikoa dela eta ez harekin salerosketan ibiltzeko gunea", gehitu dute.

Azkenik, Foru Aldundiari eskatzen diote beharrezko pausoak emateko Gipuzkoan ere hondartzen kudeaketa aldunditik egin dadin.