Gaur hasiko dira emakumezkoen paleta txapelketako partidak

Emakumezkoen Frontoi Txikiko XI. Paleta Txapelketako aurreneko jardunaldia jokatuko dute gaur. Bi partida izango dira 18:30etik aurrera. Iaz Itxaso Erasunek eta Miren Larrartek jantzi zuten txapela.

Ostegunean, uztailak 9, abiatuko da Emakumezkoen Frontoi Txikiko XI. Paleta Txapelketa. 18:30ean hasiko da aurreneko partida, eta bi bikote ariko dira lehian: Idoia Tejedor-Maitane Sarobe eta Nerea Eizagirre-Miren Lertxundi.

Bigarren partidan, berriz, Leire Paredes-Itxaso Etxabe bikotea neurtuko da Garbiñe Tijero-Edurne Osa bikotearen aurka.

Eguraldi txarra bada, partidak Zinema pilotalekuan jokatuko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.

Iaz Erasun-Larrarte garaile

Iaz hamar urte bete zituen emakumezkoen txapelketa horrek, eta finalean Itxaso Erasun eta Miren Larrarte gailendu ziren. Garazi Eizmendi eta Nahia Eizmendi hartu zituzten mendean. 30 eta 11 emaitzarekin irabazi zuten txapeldunek. Hirugarren, berriz, Garazi Urdangarin eta Ekhiñe Balerdi izan ziren, Mirian Arrillaga eta Ane Arteagaren aurkako lehia irabazita, 30 eta 27ko markagailuarekin.

Finalak jokatu ostean, sari banaketaren aurretik, emakumeek kirolean duten lekuaren inguruko manifestua irakurri zuen Koldobike Muniainek. Ondoren, Ane Peñagarikanok bi bertso bota zituen. Bertso horiek ikusleekin osatu zituzten, finaleko partidak jokatu bitartean. Pilota baten barruan zeuden papertxo batzuetan, emakumea eta kirola aipatzerakoan otutako hitzak idaztera gonbidatu zituzten ikusleak. Gero, Peñagarikano hitz horietaz baliatu zen bertsoak botatzeko.