Bihar 'jantoki soziala' eta zineforuma izango dira Frontoi Txikin, Elkartasun Udararen barruan

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 9a, 13:00
(Danda Gazte Asanblada)

'Toldotik at! Elkartasun Udara' ekimenaren barruan, udako bigarren 'jantoki soziala' eta zineforuma antolatu dituzte biharko. 'Derlan. Motor hotsa Zarautzen' dokumentala emango dute Frontoi Txikin.

Iragan astean hasi zen Toldotik at! Elkartasun Udara izenpean Danda Gazte Asanbladak eta Gerizak udarako prestatu duten egitaraua. Hala, aurreneko jantoki soziala egin zuten asteazkenean, Putzuzulon. "Elkarren arteko harremanak estutzeko eta elkartasunean sakontzeko espazio" modura jarri dituzte martxan jantoki sozial modura izendatutako "elkartasun otorduak", "behar eta nahi duen ororentzat".

Bihar egingo dute udako bigarren jantoki soziala, 21:00etan, Frontoi Txikin. Afaldu ostean zineforuma izango da; hain zuzen, Iker Itxaso zarauztarrak sortutako Derlan. Motor hotsa Zarautzen dokumentala emango dute, Frontoi Txikin bertan. Hemendik aurrera, asteazkenero izango dira jantoki sozialak Zarautzen; eta jarraian, jarduera kulturaletarako tartea egongo da.

Bestalde, ostegun honetan, bizikleta konponketa tailerra izango da, Putzuzulon. Igande goizean, aldiz, irteera egingo dute Azpeitiko Esklabak eraikinera, bertan hainbat gaztek abiatu duten proiektua ezagutzeko. Bertaratzera dei egin dute antolatzaileek.