"Autodidakta" da Dolores Agirrezabal (Tolosa, 1927) margolaria. "91 urte hauetan margolaritza izan da niretzat nolabaiteko babesa, une txarretan kontsolatzen nauena eta lagun pozgarria, aldi berean", adierazi du. Agirrezabalek bilduma osatu du bere lanekin, Atzerabegirakoa eta bilakaera. Bere bideak, bere denborak izenpean.
Sanz Enean izango da ikusgai bilduma, ostegun honetatik aurrera; hain zuzen, herritarrek uztailaren 11tik irailaren 15era izango dute bertaratu eta Agirrezabalen lanak ikusteko aukera. Erakusketa egunero izango dute irekita, 18:00etatik 20:00etara, irailaren 9an izan ezik.
Agirrezabalek "harreman estua" du Zarautzekin, "denboraldi luzeak" eman baititu bertan. Ostegunean izango da erakusketaren irekiera ekitaldia Sanz Enean, 11:30ean, eta margolaria bera ere bertaratuko da.