Hilaren 19an egingo du geldialdia Zarautzen 'Orain Presoak' bizikleta itzuliak

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 10a, 12:15
(Sare)

Sarek antolatu du 'Orain Presoak' bizikleta itzulia, eta Luhusotik Gernikarainoko ibilbidea egingo dute. Zarautzen amaituko dute lehen eguneko etapa, uztailaren 19an, eta biran parte hartzen ariko direnei harrera egitera dei egin du Zarauzko Sarek.

Sare plataformak antolatuta, Orain Presoak izeneko bizikleta itzulia egingo dute datorren astean; uztailaren 19tik 21era bitartean, hain zuzen. Luhusotik Gernikarainoko ibilbidea egingo dute, eta Zarautzen zein Lekeition izango dira geldialdiak. Hiru etapa izango ditu birak, eta lehen egunekoa Zarautzen amaituko da.

Hala, itzulian parte hartzen ariko direnei harrera egitera dei egin du Zarauzko Sarek. Bi hitzordu jarri dituzte horretarako: 18:30ean San Pelaioko gasolina hornigailuan, bizikletaz, edota 18:45ean Lege Zaharren Enparantzan. 20:00etan afaria izango da. Hurrengo egunean, uztailak 20, 10:00etan abiatuko da itzulia Zarauztik, Lekeitiora joateko.