Iazko azaroaren 23tik abenduaren 3ra izan zen Euskaraldia. Hala, 11 egunez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu zuten milaka herritarrek. Ez zen hor amaitu Euskaraldia, baina; 2019-2020 ikasturtean erronka berriei helduko diete.
Zarautzen Euskaraldia dinamizatuko duen pertsona baten bila dabil Euskaltzaleen Topagunea. Datorren urrian hasita ,15 hilabetez eta egun erdiz lan egingo duen pertsona bat kontratatzea da asmoa. Dagoeneko martxan da lanpostu hori esleitzeko lehiaketa, eta izen-ematea ireki dute. Abuztuaren 26a izango da izena emateko azken eguna.
Lanpostuak zenbait zeregin zehatz barnebiltzen dituela azaldu dute Euskaltzaleen Topaguneko kideek:
- Herriko eragileei eta herritarrei Euskaraldia aurkeztea eta prestakuntza eskaintzea.
- Euskaraldiko Batzordea eratzea, ahalduntzea eta indartzeko ekimenak garatzea eta dinamizatzea.
- Tokian tokiko komunikazio plangintza bideratzea eta ekimenak garatzea.
- Entitateen lanketa planifikatzea eta garatzea.
- Herritarrak Ahobizi/Belarriprest dinamikarako aktibatzea eta prestatzea.
- Herritarren eta entitateen izen-ematea antolatzea.
- Balorazioa eta aurrera begirako urratsak herriko euskaltzaleekin adostea.
- Ekimenaren aurrekontua kudeatzea.
- Dinamizazioa: Antolatzaileen eta herriko boluntarioen lana koordinatzea. Koordinazio orokorreko mintegietan eta bileretan parte hartzea eta ekimen orokorreko sustatzaileekin koordinatuta egotea, baita eskualdeko gainontzeko dinamizatzaileekin ere.
Hainbat baldintza mahai gainean
Bestalde, zenbait baldintza bete beharko dituzte lehiaketara aurkeztuko diren hautagaiek:
- Euskara maila egokia izatea, idatziz zein ahoz.
- Zarautz eta eskualdea ezagutzea.
- Euskaltzalea izatea eta euskalgintzaren ezagutza izatea.
- Jendaurrean eta jendearekin harremanetarako gaitasuna izatea.
- Eragiletzarako gaitasuna izatea; ekimena herrian zabaltzeko eta ekimenera jendea erakartzeko gaitasuna.
- Kudeaketarako gaitasuna izatea.
- Komunikazio alorreko ezagutza izatea baloratuko da; hala nola, sare sozialak, bideoen sorrera, webguneen kudeaketa, diseinua eta abar.
- Lanerako autonomia maila altua izatea ezinbestekoa da.
- Ordutegi malgutasuna izatea ezinbestekoa da.
- Gidabaimena eta autoa.
Deialdiaren inguruko informazioa jaso eta parte hartu nahi duten herritarrek, LanSarean web orrira jo beharko dute.