Traineruak hegan jarri zituena

Traineruak eraikitzen 1995ean hasi zen Juan Luis Amilibia, eta egun ez dauka konpetentziarik. (Gorka Peñagarikano Goikoetxea)

Traineruen eraikuntzan puntako erreferentzia da Juan Luis Amilibia oriotarra. Poliesterretik karbonora igarota, ospe handia irabazi zuten haren ontziek, baita hainbat domina ere.

Traineru estropaden liga guztiak hasiak diren arren, denboraldian zehar ere bezeroak izaten jarraitzen du Juan Luis Amilibia oriotarrak. Esaterako, aurreko ostiralean Arkotekoak arraunak erosten ari ziren Hitza eta Erlo Telebista Amilibia ontziolara bertaratu zirenean. Makina gehienak geldirik zeuden; izan ere, goi-mailako arraun taldeek bezala, neguan egiten dute lan erritmo altuenean. Traineruak ez, baina arraunen produkzioa urtean zehar ia ez dela geratzen adierazi du Amilibiak. Izan ere, traineru bat ezerezetik egiten hasi eta saltzera iristeko denbora-tartea luzea da: hilabete inguru. Arraunak, aldiz, egun batetik bestera egin daitezke.

Trainerugintzan nagusi

"1995ean hasi ginen traineruak egiten, baina ordurako, beste modalitateetan aritu ginenez,  material aldetik oso aurreratuak ginen", esan du Amilibiak. Urte haietan oraindik egurrezko traineruak ziren nagusi, eta Kantauri isurialdean dozena erdi enpresa arduratzen ziren xaflez jositako ontzien eraikuntzaz. Urteek aurrera egin ahala egur mota ezberdinak erabili izan dira, baina Amilibiak ez du sekula lan egin egurrarekin.

Berak azaldu du egurrarekin zein arazo izaten ziren garai hartan: "Egurraren azken urteetan, lanerako oso ona zen egurra erabiltzen zen. Baina lehenik eta behin pisuaren arazoa zegoen: egurra pintatu egiten zen traineruari klubaren kolorea emateko, eta horrek ur asko hartu zezakeen denboraldian zehar, urtero 10 kilo agian, eta hori gabezia handia da goi-mailako kirolean. Bestalde, xaflekin ere problemak izaten ziren: xaflak elkarrekin ondo lotzen ez baziren egonkortasuna galtzen zuen traineruak, hau da, itsasoarekin mugitu egin zitezkeen; aldiz, gogor lotuz gero, trainerua lehortzean eten egin zitezkeen xafla horiek".

Amilibiak hasiera-hasieratik erabili zuen karbonoa traineru estropadetako ontziak egiteko, aurrez beste modalitateetan erabiltzearen praktika edukitzeaz gain, atzerritik karbono asko eskuratzeko gai baitzen.
Aldaketa egokiak proposatze hori nondik datorren galdetzean, berak argi du non dagoen giltzarria: "Ontzigintzan aritzerakoan, alde handia dago norbera arraunean ibilia den ala ez". Arazoak, akatsak edota hobetu beharrekoak barrutik bizitzeak trainerua hobetzerakoan asko laguntzen duela dio, baina horri guztiari behatzaile izatea gehitu behar zaiola uste du. Askotan, trainerugintzan aritzen ziren pertsonak negozio-gizonak zirela dio Amilibiak, eta ez arraunean esperientziadunak.

Orioko ontziolak berrikuntza ugari ekarri zizkion traineruari. Lehenik eta behin, pisua jaistea ekarri zuen, egurrak ahalbidetzen zuena baino askoz gehiago. Arraunlariak ilara berean kokatu zituen, eta ez kurban, zortziko traineru bat balitz bezala. Modu horretan arraunlari denei arrauna inguru berean geratuko zitzaien, eta ez ezberdin: lehen ohikoa zen hanketik zihoanari besteei baino ezkerralderago eta erdialdean zihoanari eskuinalderago geratzea.

Beste aldaketa nagusietako bat trainerua orekatzea izan zen. Amilibiak horretan eragin aurretik, traineruaren pisu gehiena erditik atzera aldera, popatik hasita heren batera edo, kokatzen zen. Eta gainera, altueran ere alde handia zegoen arraunlarien eserlekuen artean. Probak eta probak egin ondoren, ondorioztatu zuen ontzia orekatzeak ur gainean azkarrago mugitzea ahalbideratu zezakeela, eta horrez gain, patroiarentzat trainerua gidatzea errazagoa izan zitekeela.

Traineruaren aurrealdea estutu egin zen urte batzuen ondoren, eta atzealdea zabaldu; hartara, patroiak zuzenago eraman zezakeen ontzia.

Ontzigile hastapenak

Orio Arraun Elkarteko zuzendaritzako kide zen Amilibia 1960ko hamarkadan. Klubean gazte ugari sartu zen hamarkadaren bigarren erdian, baina ez zeuden denentzat behar beste traineru. Orioko herriarentzat arazoa "larria" zela oroitzen du. Soldatapeko lanik gabe zegoen orduan Amilibia, eta traineruen arazo horrek bultzatu zuen ontziak egiten hastera. Ikertzen hastera, behintzat.

"Parisen hasi ziren plastikoa erabiltzen, baina materiala kanpotik ekartzea oso zaila zen, baimen bereziak eskuratu behar baitziren horretarako", gogoratu du Amilibiak. Ezerezetik Orion ekoizten hastea ere zaila zela azaldu du, baimen horiez gain, materiala oso garestia zelako eta ez zegoelako orduan lehengaiak Espainiako Estatuan ekoizten zituen inor. Dena den, Parisko plastiko ekoizleekin harremana egin eta handik poliesterra ekartzen hasi ziren.

Skiff ontziak egiten zituzten garaia zen hori; modalitatez modalitate joan ziren poliesterra ontzigintzan txertatzen. Hala, Espainiako Estatu osora zabaldu zuten merkatua. Pontevedrako diputazioak, adibidez, inguruko herri guztientzat erosi zituen skiff ontziak, nahiz eta Galiziako beste ontzigintza enpresa bat ere gailentzen zen Espainiako Estatuan. Amilibiak azken enpresa horrekin hartu-emana izan zuen: "Ontzi modelo bat alokatzen nion kopiatu ahal izateko, baita berak niri ere. Elkarrengandik ikasteko modua izan zen". Enpresa horrek, baina, ez zuen luzaro iraun.

Karbonoa kontrabandoan

"Poliziak berak ere ez zekien zer zen karbonoa", adierazi du Amilibiak. 1980ko hamarkadaren aurretik hasi ziren Alemaniatik karbonoa ekartzen, ikerketak ikerketa, jakin-minak hara eramanda. Muga pasatzerakoan hainbat arazo izan zituztela oroitzen du oriotarrak; gendarmeek makina bat aldiz geratu arren, pasatzen uzten zioten ez zekitelako zer zen garraiatzen zuten hura.

Ikerketa eta proba askoren ondoren jabetu ziren karbonoa zela gorengo mailetan lehiatzeko materialik egokiena. Egurrak ez bezala ez zuen urik xurgatzen, eta poliesterra baino azkarrago mugitzen zen ur gainean, eta arinagoa ere bazen. Espainiako Estatuko lehenak izan ziren karbonoa arraun munduan txertatzen, eta Amilibiaren ontziak ospetsu bihurtu ziren nazioartean. 1992ko Bartzelonako Joko Olinpikoetara ere heldu zen bere izen ona: Errumaniako selekzioak sei ontzi hartu zizkion alokairuan, eta bost domina irabazi zituen.
Orduz geroztik gorakada handia izan zuten Amilibia ontziolaren salmentek: Alemaniari, Errusiari eta Hegoafrikari saldu zituen, besteak beste. Dena den, txiki geratu zen Orioko enpresa: "Ez genuen kanpo harreman horiei eusteko behar besteko azpiegiturarik; lehengaiak kanpotik ekartzen genituen eta kanpora saltzen genuen produktua; oso zaila zen horrela jarraitzea. Horregatik, aulki mugikorra utzi eta aulki fijoko modalitateari ekiteko unea zela ikusi genuen". Ondo asmatu zuten arren, penaz oroitzen ditu momentu haiek Amilibiak.

Gaur egungo bakarra

Goi-mailako trainerugintzan aritzen den enpresa bakarra Amilibia dela esan zioten hedabide honi Getariako estropadetako balizak jartzeaz arduratzen diren beteranoek. Eta trainerugintzan aintzindari zen enpresa galiziarra "jan" egin zutela.

Karbonozko arraunak eta traineruak egiten dituzte Orioko ontziolan. Arraunen prezioa modalitatearen arabera aldakorra den arren, traineruenak gutxi gorabeherako prezio finko bat duela adierazi du Amilibiak: 30.000 euro. Itxuraz garestiak izan arren, 30 urte ere iraun dezaketela jakinarazi du oriotarrak.