Astelehenean hasiko dira Zarauzko ibilbide musikatuak

Onintza Lete Arrieta 2019ko uzt. 11a, 11:30
Mende batzuk atzera hasi, eta pixkanaka gaur egunera arteko historia azalduko dute umoretik Santamariak eta Tolosak. (Onintza Lete Arrieta)

Antzeztuz erakutsiko dute alde zaharraren historia Patxi Santamaria eta Inazio Tolosa aktoreek hamabostero. Sarrerak Turismo Bulegoan daude salgai.

Iaz abiatutako egitasmoari jarraitu, eta udan ere bisita gidatu batzuk antzerkiarekin uztartuta eskainiko ditu Zarauzko Turismo Bulegoak. Alde Zaharra bisitariei nahiz bertakoei erakusteko modu dinamikoagoa eta familientzat egokiagoa dela uste dute, eta datorren astelehenean egingo dute aurreneko Ibilbide Musikatua. Patxi Santamaria eta Inazio Tolosa aktoreek egingo dituzte gidari lanak, eta herritarrak animatu dituzte parte hartzera, "izan zarauztarrak nahiz inguruko herrietakoak".

Santamariak azpimarratu duenez, "dokumentazio lan handia" egin dute gidoia prestatzerakoan, eta "Xabier Alberdi historialariaren laguntza" jaso dute. Hala, Zarauzko historian garrantzitsuak izan diren hainbat pertsonaia eta toki ezagutaraziko dituzte Parrokiatik Frantziskotarren elizara egingo duten ordubeteko ibilbidean. "Ganboa Zarautz familiako kide batzuk agertuko dira, hala nola, Mariana;baita Martin Unzain eta Juan Beltran ere. Balearen arrantzan parte hartu zutenak ere aipatzen ditugu, baita Fabiola eta Balduino nahiz galtxagorriak ere". Tolosak esan du "txaparik ez botatzea" dela helburua, eta pertsonaiek lehen pertsonan hitz egingo dutela.

Hamabostero egingo dituzte bisita berezi horiek, Turismo Bulegotik abiatuta. 11:00etatik 12:00etara euskaraz izango dira, eta 13:00etik 14:00etara gaztelaniaz. Uztailaren 15ean eta 29an, eta abuztuaren 5ean izango dira hurrengo saioak, eta sarrerak aurrez erosi behar dira 4 euroan Turismo Bulegoan.