Erakusketa zabaldu du Agirrezabala margolariak

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko uzt. 11a, 13:56
Agirrezabala erakusketaren aurkezpenean, Urbieta Udaleko Kultura zinegotziarekin batera. (Gorka Peñagarikano Goikoetxea)

Gaurtik hasi eta irailaren 15era bitartean, Sanz Enean egongo dira ikusgai margolari tolosarraren lanak. Gustoz egindako margolanak bere bizi etapa ezberdinen adierazle dira.

Zarautzekin lotura estua du Dolores Agirrezabala (Tolosa, 1927) margolariak. Gipuzkoarra izaki, Logroñon (Errioxa) egiten du bere ohiko bizimodua, nahiz eta udararo Zarautzera etorri izan den txiki-txikitatik. Logroñon ez ezik Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko beste txokotan ere bizi izan da, Zaragozan eta Madrilen urte askotan, baina horrek ez du eraginik izan Agirrezabalaren afizioan. Bizitza osoa pasa du margotzen, ikasle zenetik hasi eta orain arte. Maiztasun ezberdinarekin aritu da bizitzako hainbat etapatan, baina sekula ez dio uko egin margotzeari.

Erakusketaren inaugurazio ekitaldian aitortu du kanpoan bizi izan den arren pintatzeari ekiten zion aldiro burua Zarautzen eta inguruetan izan duela, eta horren erakusle dira bere margolanak: sarritan ageri da Orioko paisaia adibidez, ibaiaren beste aldetik behatuta, ibaiak herriaren silueta erakusten duelarik. Herria zehaztasun handiarekin irudikatu ez arren eraikuntzak bolumen serietan egituratzen ditu, eta fondoan, berriz, berun koloreko zeruak atzeman ahal dira.

Urte luzez oleoarekin margotu izan duela adierazi du Agirrezabalak, "gainetik margotzea baimentzen du-eta". Behin ezkondu eta seme-alabak izanda hasi zen jarraikortasun gehiagoz margotzen, hau da, "afizioari indar gehiagoz eutsi" zion. Paisai ilunak margotzen zituen gehien, arratsaldekoak ia beti, eta zeru goibelak berak ikusten zuenaren erakusle dira: Bilboren itsasadarra fabrikaz eta kez betea, adibidez.

Bere senarra zendu zenean ekin zion maiztasun handiagoz margolari izateari. Ez afizioa ofizio bilakatzeari, ez baitu bere lana salmentara bideratu. Alargun geratu zenetik, margotzeak inoiz baino gusturago sentiarazten ziola adierazi du, eta orduz geroztik, bere bizitzako foku nagusia pintura izan da.

Gustoei jarraituz

"Momentuan gustatzen zitzaidan hura margotzen nuen, ez tendentzia zena", oroitzen du Agirrezabalak. Oleoarekin jostatzen zen, kolore batekin bestearen gainetik margotzen. Urte batzuk beranduago hasi zen akuarelarekin, erakusketan ikus daitekeen bezala.

Nabari da zer nolako bilakaera eman duen margolariak bere bizitzako etapa ezberdinetan. Paisaia zurrun eta goibelak margotzetik, bere senideen erretratuak egin eta azken urteotan akuarelarekin lehen praktikatzen ez zuen adierazkortasun abstraktoa jorratzera heldu da.

Lehen aldia Zarautzen

"Deitu zidatenean, ezin nion uko egin Zarautzen nire lanen erakusketa egiteari", azaldu du Agirrezabalak. Dena den, bere lan bat edo beste egon izan da Zarauzko beste erakusketaren batean, baina beti erakusketa kolektibo gisa, ez norbanako bezala.

Uda osoan egongo da ikusgai Dolores Agirrezabalaren erakusketa Sanz Enea Udal Liburutegian, uztailaren 11n eta irailaren 15era bitarte. Agirrezabalak adierazi du herritik ibiliko dela udan zehar, erakusketa izan ala ez izan, urtero-urtero Zarautzen pasatzen baitu oporraldia.