Abian dira 'Mendi, omenez eta oroimenez' jardunaldiak Ispilu Arten

'Mendi' margolariaren omenezko murala sortu dute Artezaleakeko kideek. (Utzitako argazkia)

Bihar aurkeztuko dute 'Mendi y sus amigos' erakusketa Ispilu Arte aretoan, baita 'Cabeza de Mendi' eskultura ere. Bestalde, datorren asterako emanaldi bat antolatu dute.

Udaberriaren atarian zendu zen Juan Luis Mendizabal Mendi, eta haren omenezko egitasmoek ez dute etenik Zarautzen. Atzo, asteazkena, Artezaleakeko kideek margolariaren gomutan sortu duten murala aurkeztu zuten Ebro Etxean. Izan ere, Mendik 91 urte beteko lituzke atzoko egunez.

Bestalde, Ispilu Arten abian dira Mendi, omenez eta oroimenez jardunaldiak. Bihar, ostirala, Mendi y sus amigos erakusketa antologikoa aurkeztuko dute bertan; baita Palmiro Harok egin duen Cabeza de Mendi eskultura ere. 19:30ean jarri dute hitzordua. Hala, aurrerantzean, aretoan ikusgai izango dira lan horiek.

Datorren ostegunerako, aldiz, Mendi, un artista inquieto, infancia y juventud de Zarautz a Donostia ikus-entzunezkoaren emanaldia prestatu dute Ispilu Arten. 19:30ean izango da.