"Zarauzko IAT zentro berria hilabete honetan irekita egotea espero dugu"

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 11a, 15:00

Javier Zarraonandia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak Zarauzko IAT zentroa izan du hizpide. Ekainaren 3an zabalduko zutela aurreikusi bazuten ere, itxita dago oraindik.

Itasua enpresak maiatzean iragarri zuen IAT zentro berria irekiko zutela Zarautzen, Araba kaleko 43. zenbakian. Ekainaren 3an zabalduko zutela aurreikusi bazuten ere, uztailean gaude dagoeneko, eta zentroa itxita dago oraindik. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren baimen bat falta zela-eta, prozesua atzeratu egingo zela jakinarazi zuten ekainean.

Gaur, ostirala, Zarauzko IAT zentroa izan du hizpide Javier Zarraonandia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak. "Prozedura zehaztasun handiarekin jarraitzen ari gara, eta prozedura horren azken unean gaude", azaldu du: "Inongo kontestatzerik edota helegiterik jartzen ez badute, espero dugu Zarauzko zentro berria hilabete honetan, uztailean, irekita egotea, abuztuko oporraldiaren aurretik".

Zarraonandiak azaldu du ibilgailuen azterketa Gipuzkoan egiteko baldintzekin ez daudela "gustura": "Badakigu epeak nahiko luzeak direla; bi-hiru hilabetekoak". Hala, herrialdean IAT zentro berriak irekitzeko neurriak hartzen ari direla baieztatu du. Zarauzkoaz gain, Bergaran eta Irunen prozedura abiatu dutela dio.

Ondorengo estekan ikusi daiteke Zarraonandiaren adierazpenak jasotzen dituen bideoa.