Atzoko bertso musikatuen ondoren, asteburuan jarraipena izango du Bertso Asteak

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 12a, 13:00
Iazko 'txepelketako' irudi bat.

Bertso-pelota txapelketa egingo dute arratsaldean Frontoi Txikin, eta gauean 'bertso desapiyua' Torre Luzean.

Atzo gauean ekin zioten Zarauzko Bertso Asteari, Motxian bertso-eskolareren eskutik. Urteroko legez, hainbat bertso sorta musikatu abestu zituzten Torre Luzearen kanpoaldean, Kale Nagusian.

Gaur, ostirala, bertsozaleek jarraipena emango diote atzo hasitakoari; 18:00etan Frontoi Txikin elkartuko dira bertso-pelota saioaz gozatzeko. Ondoren, gaueko 22:30ean, Torre Luzearen kanpoaldean Bertso desapiyua egongo da zarauztarren eta oriotarren artean. Nahikari Gabilondo, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Julen Zulaika arituko dira Zarauztik, eta Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Izagirre eta Egoitz Eizagirre. Gai jartzaile lanetan Aner Peritz egongo da.

Larunbata, goiz-goizetik

Aurreko egunetan ez bezala, goizera pasatuko dira larunbateko ekintzak. Lehenik eta behin hamaiketakoa egingo dute Musika Plazan 10:30ean, eta ondoren, hasiera emango zaio aurtengo Txepelketari. Tabernaz taberna arituko dira bertsolariak; bazkaria eta finala Txiki Polit tabernan izango da. Hona hemen iazko argazki-sorta.

Egitaraua

Atzo, osteguna

  • 22:00. Bertso musikatuen emanaldia Torre Luzean. Patxarana eta kafea banatuko dituzte antolatzaileek.

Gaur, ostirala

  • 18:00. Bertso-Pelota Frontoi Txikin.
  • 22:30. Bertso desapiyua Torre Luzean. Zarauzko bertsolariak: Nahikari Gabilondo, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Julen Zulaika. Orioko bertsolariak: Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Izagirre eta Egoitz Eizagirre. Gai jartzaile lanetan, Aner Peritz.

Bihar, larunbata, Bertso Eguna

  • 10:30. Hamaiketakoa Musika Plazan.
  • 12:00. Txepelketa, tabernaz taberna. Ondoren, bazkaria eta finala Txiki Polit tabernan.