XXXIX. Artisau Eguna ospatuko dute igandean Zarautzen

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 12a, 14:00

Igandean Hego Euskal Herri osoko artisauek erakutsiko dituzte beren lanak, Lege Zaharren enparantzan. Bestalde, Shibori tailerra eskainiko du Itziar Unzurrunzagak.

Igande honetan, uztailak 14, ospatuko dute XXXIX. Artisau Eguna Zarautzen. Hala, Hego Euskal Herri osoko artisauen topagune bilakatuko da Lege Zaharren Enparantza; artistek bertan erakutsiko dituzte beren lanak, goizean zein arratsaldean. Besteak beste, bitxiak, zeramika, larrua, esmalteak edota egurra lantzen dituzte artisau horiek.

Artezaleak taldeak antolatu du Artisau Eguna, eta igandeko ordutegiaren berri eman dute dagoeneko: 11:00etan jarriko dute martxan azoka, eta 21:00ak arte egongo da zabalik.

Bestalde, egitarauaren barruan, Shibori tailerra eskainiko du Itziar Unzurrunzagak. Artezaleakeko kideek azaldu dutenez, antzinan Japonian lantzen zuten Shibori teknika, eta oihalak indigoarekin tindatzean datza. Bi saio izango dira igandean,10:30ean bata, eta 12:30ean bestea.