Surflariari omenez eskulturaren inaugurazioa amaitu eta segituan hurbildu dira lana gertutik ikustera eta ukitzera Jose Luis Lasaren senitartekoak, tartean Mikel Lasa semea eta Oihana Iribar erraina, eta baita bilobak ere.
"Bozetoak ikusiak genituen, baina orain etorri gara hona, eta guretzat ere sorpresa bat izan da, aurreneko aldiz ikusi dugulako", esan diote HITZAri Mikel Lasak eta Iribarrek.
"Guretzat oso berezia da eskultura hau herrian, malekoian, egotea; zer esanik ez aitona Jose Luisentzat", azaldu du Iribarrek. "Hemen geldituko da, legatu polita da herriarentzat".
Urte askoan arotza izandakoa, jubilatu ondoren hasi zen eskultura lantzen Jose Luis Lasa, eta horretan ere "lan asko" egindakoa dela azpimarratu dute bere senitartekoek. "Artista peto-petoa da, eta urteekin garatzen eta hazten doa, gainera. Beretzat sari bat da hau, eta pozten gara beragatik".
Bilobek ere eman dute beren iritzia. Aurretik ikusia zuten eskultura, tamaina txikian, eta beraz, bazekiten nolakoa zen. Hala ere, "handiagoa" izatea espero zutela esan du biloba zaharrenetakoak.
Eskulturaren esanahia ondo barneratuta dute; ez alferrik, aitona beraien ikastetxean egona da lan horren azalpenak ematen. Badakite zer partek irudikatzen duen olatua, non dagoen surflaria, taula... Badakite hutsunea dela olatuak taula tapatzen duena une hori. Harro daude aitonaz, eta aitona ere harro egoteko moduan da bilobez.
Hemendik aurrera, lagunei esango diete beraien aitonaren eskultura dela Borghetto inguruan dagoen hori.