Corona & Parley for the Oceans ekimeneko enbaxadore da Aritz Aranburu surflari zarauztarra, eta txapelketen arteko tartea aprobetxatu du ostiral goizean Zarauzko hondartzan ingurumenarekin lotutako ekitaldia egiteko. Hondartza garbitzeko elkartu da boluntario talde bat, eta aprobetxatu dute tailerra egiteko parte hartzaileekin, "jabetzeko zer ohitura txar ditugun, hondartzan gauzak uzten ditugunean, adibidez", esan du Aranburuk.
Ordu eta erdiz aritu da hainbat gazte hondartza garbitzen. Zarauztarrez gain, inguruko herrietatik ere bertaratu dira (Azpeititik eta Tolosatik, esaterako). "Azpimarratu beharra dago boluntario gehienak neskak izan direla. Gaurkoan neskek irabazi dute argi eta garbi".
Oraindik ez dute zenbatu jasotakoa, baina plastiko eta material txikia bildu dute batez ere. "Hemen, Euskal Herriko hondartzak, batez ere udan ,garbi egoten dira normalean. Baina kamioiek ezin dituzte jaso mikroplastikoak edo zigarrokinak, eta halako asko egoten da", zehaztu du surflariak.
Arazo bera mundu zabaleko itsasoetan
Munduko punta batetik bestera bidaiatzen pasatzen du urtea Aranburuk, eta uretara sartzen denean, beti gauza bera aurkitzen du: plastikoa. "Toki paradisiakoetara joan eta pentsatzen duzu dena garbi-garbi egongo dela, baina plastikoa toki guztietan dago. Beharbada ez da inguru haietan zikintzen, baina korronteek milaka kilometroz garraiatzen dituzte".
Adibide beldurgarria ere eman du: "Pazifiko erdian, Hawaii eta Kalifornia artean, plastikoz osatutako uhartea dago, eta Frantzia baino handiagoa da. Ezin da irudikatu ere egin, txistea dirudi, baina ez da".
Hegoafrikan eta Angolan egon berri da Aranburu lehiatzen, eta han ere arazo bera aurkitu du: "Jenderik bizi ez zen tokietan genbiltzan, baina bat-batean mareak sekulako plastiko pila ekartzen zuen", azaldu du. "Ezin da inor seinalatu, bakoitzak bere lana egin behar du, izan pertsona arrunta, enpresa bat edo politikari bat".
Aranbururentzat "egin daitekeen gauzetako bat da erabilera anitzeko plastikoa kontsumitu beharrean, bestelako materialak erabili, pixka bat garestiagoa izan arren. Ea merkeago jartzen dituzten eta plastiko gutxiago erabiltzen dugun".