Harri Txikien Euskadiko Txapelketa irabazi du Urrak

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 15a, 15:42
(Ibon Errazu)

Erraz gailendu zen atzo, igandea, Alegian jokatutako lehian. Lau harri mota desberdin altxatu zituzten zazpi parte hartzaileek hiru minutuko txandetan, eta onena izan zen Mikel Lopetegi zarauztarra.

Harri Txikien Euskadiko txapeldun da berriz ere Mikel Lopetegi, Urra, zarauztarra. Guztira 13.337,5 kilo jasota, erraz nagusitu zen beste sei harri-jasotzaileen artean atzo arratsaldean Alegian jokatutako txapelketan. Inhar Urruzuno gelditu zen bigarren postuan eta hark, esaterako, 12.112,5 kilo altxatu zituen.

Urrak iaz ere jantzi zuen txapela, Laukizen. 22 urterekin, Aimar Irigoienek 2009an ezarritako marka gainditu zuen orduan, 150 kiloko aldearekin.

Harri jasotzaile bakoitzak lau harri mota altxatu zituen, bakoitzarekin hiru minutuko txandak eginez. 100 kiloko bola, 112,5 kiloko kubikoa, 125 kiloko zilindrikoa eta 125 kiloko laukizuzena erabili zituzten lanerako.

Urraz gain, lehian aritu ziren zarauztar gehiago ere: Hodei Iruretagoiena, Izeta IV.a, Iñigo Eizagirre, Eiza, eta Xabat Olaizola, hain zuzen ere. Gainerako lehiakideak Imanol Albizu Goikoetxe, Aimar Irigoien eta Inhar Urruzuno izan ziren.

Sailkapena

  • 1. Mikel Lopetegi, Urra: 13.337,5 kilo.
  • 2. Inhar Urruzuno: 12.112,5 kilo.
  • 3. Aimar Irigoien: 11.662,5 kilo.
  • 4. Hodei Iruretagoiena, Izeta IV.a: 11.262,5 kilo.
  • 5. Iñigo Eizagirre, Eiza: 10.437,5 kilo.
  • 6. Xabat Olaizola: 9.362,5 kilo.
  • 7. Imanol Albizu, Goikoetxe: 3.500 kilo.