Zer moduz zaude? Iganderako prest?
Ongi nago, bai. Igandean hortxe izango naiz irteeran, eta espero dut helmugan ere izatea, aurreko 48 aldietan bezalaxe.
Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiaren 49. aldia izango da aurtengoa, eta orain arteko guztiak egin dituzu. 50.aren atarian zaude, alajaina.
Datorren urtean osasuna badut eta ongi banago, 80 urterekin 50.ez osatuko dut Getaria-Zarautz igeriketa proba.
Eta zer du berezia zeharkaldi horrek, urtero etortzeko hutsik egin gabe?
Beno, klasiko bat da... Duela urte asko, igerileku estalirik existitzen ez zenean Gipuzkoa osoan, ezta beste inon ere, eta igeri egiteko betaurrekorik ez zegoenean, nik zeharkaldi hori egina daukat beste 24 igerilarirekin bakarrik. Orduan, Zarauzko moilan helmugaratzen ginen. Sasoi hartan Cachi-Bachi elkarteak antolatzen zuen proba.
Zuk non nahiago duzu bukatu: hondartzan, ala moilan?
Lehen moilara sartzen zinen, eta orain Munoako horman bukatzen da. Esaten dute distantzia bera dela, baina moilatik hormaraino ia 400 metro gehiago daude. Tira, aldatu egin da kontua... Oro har, parte hartzea masifikatu egin da.
Onerako ala txarrerako?
Niri ez zait gustatzen horrenbeste jenderekin igeri egitea.
24 lagunekin hasi zineten eta aurten 3.000ra iritsiko zarete. Nola aldatu den, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Gaur egun, edozein herritan dago igerileku estali klimatizatu bat, baina 50-60ko hamarkadetan ez zegoen halakorik.1954an egin nuen nire lehen zeharkaldia Urumean, eta aurreko batean egin nuen azkena Ondarroan. Erraz esaten da, baina 65 urte daramatzat geratu gabe igerian. Hasiera batean, pare bat zeharkaldi baino ez zeuden; orain, ordea, toki guztietan daude.
Gaztetan bezala urduritzen al zara probaren bezperan?
Ez, jada ez. Orain ohera sartzen naiz bezperan, eta ez naiz zeharkaldia dudanik ere gogoratzen. Ongi zailduta nago, alde horretatik. Lehen urduri jartzen nintzen, kontuari bueltak emanez... Aspaldi batean, Donostiako Badian, proba hasi aurretik hogeita gutxi irten ginen, eta jakin bagenekien gutxi gorabehera bakoitza zein postutan sailkatuko zen, guztiok ezagutzen genuelako elkar.
Urduritasunik ez, baina Zarautzera iristen zarenean, urtetik urtera jendeak ikaragarri txalotzen zaitu. Gero eta gehiago baloratzen dute zure balentria.
Hala da, bai. Gainera, nik idatzitxo bat zuzendu nion antolakuntzari esanez orain arte 48 aldiz egin dudala proba, aurten 49.a izango dudala, eta datorren urtean 50.a. Eta horrek, kakotsen artean, aipamen bereziren bat mereziko lukeela. Adibidez, Getaria-Zarautzen 25. aldian bazkari batera gonbidatu gintuzten orduko irabazle guztiak eta aldi haietan guztietan parte hartu genuenak; bigarren multzo horretan ni bakarrik nengoen, 25 zeharkaldi egin zituen bakarra. Hotel Zarautzen izan zen otordua, eta gogoan dut zeinen ondo bazkaldu nuen Imanol Murua alkatearen ondoan.
Beraz, datorren urtean beste aitortza bat etorriko da?
Ez dakit. Antolakuntzak erabakiko du zer egin behar duen, eta bestela ez da ezertxo ere gertatzen. Nik nirean jarraituko dut, egunero-egunero Donostiako Badian igeri egiten ordubetetxo bat, horrek mantetzen bainau sasoiko.