Gaur hirugarren 'afari soziala' eta 'Lapurretak' antzezlana Putzuzulon

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 17a, 11:00

Danda Gazte Asanbladak eta Gerizak antolaturiko 'Toldotik at! Elkartasun Udara' ekimenaren barnean, hirugarren asteazkenez 'jantoki soziala' antolatu dute; gaurkoa, Putzuzulo gaztetxean. Ondoren, 'Lapurretak' antzezlana egongo da.

Asteazken honetan, hirugarrenez, jantoki soziala antolatu dute Danda eta Gerizako gazteek. "Elkarren arteko harremanak estutzeko eta elkartasunean sakontzeko espazio" modura jarri dituzte martxan otorduok, "behar eta nahi duen ororentzat". Formatu berarekin jarraituko dutela iragarri zuten: asteazkenero herriko txoko ezberdin batean elkartu, afaldu, eta jarduera kultural bati tartea eman.

Aurreko saioa Frontoi Txikin izan zen, eta afalostean Iker Itxaso zarauztarraren Derlan, motor hotsak Zarautzen dokumentala proiektatu zuten. Gaurkoan, aldiz, Lapurretak antzezlanaz gozatu eta hausnartu ahal izango da, umorea baliatuz arazo sozialak mahaigaineratzen baititu protagonistak.

Astelehen arratsaldean jarraituko du Toldotik At! Elkartasun Udara egitasmoak, zaintzaren inguruko lehen eztabaida saioarekin.